Teknologia albisteak

PuntuEus domeinu susmagarriak: detekzioa, blokeoa eta konponketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-02-19 : 09:43

Oso txosten interesgarria banatu du PuntuEus fundazioak aste honetan: ziber-segurtasunarena. Arrisku-kasuak identifikatu eta .eus domeinu batzuk blokeatu zituzten 2021ean: 235 domeinu gaizto, blokeatu eta ezabatuak. Alde batetik asko dira, baina detektatu eta kentzen dituztela datu lasaigarria eta zoriontzekoa da, eta bestetik .eus domeinu multzoan oso gutxi direla kontuan hartzekoa da: Domeinu masa osoaren %0,02, 13.083 dira erregistratuta dauden .eus domeinuak.Q

Kasuistika zehatza ere azaldu du PuntuEus-ek. Abuse IQ delako sistema bat darabilte, eta horrekin era desberdineko arazoak detektatzen dira. Arazo ohikoenak dira robotek erregistratzen dituzten domeinuak: ez dute interesik webgunerik sortzeko, ez daukare loturarik euskal munduarekin (PuntuEus martxan izateko behar den motiboa), automatikoki hartzen diren domeinuak dira gero beste zerbitzu batzuk bertan ezartzeko.

Horrelako 200 kasu detektatu zituzten, eta zuzenean ezabatzen da domeinu erregistroa. 

Gainerako kasuetan, susmagarrien artean eta detektaturiko ekintza okerren artean (phishing taktikak, spama eta beste), bi azpimultzo daude: propio gaiztakeriarako erabili da domeinua, edo errurik ez duen jabe bati sisteman sartu zaizkio, domeinuaren kontrola hartuz, eta handik jarduera okerra egin da. Beheko grafiko honek adierazten digunez, 35 kasu izango ziren gaiztoei blokeatuak (goiko 200 domeinu erregistro robotikoei gehitzen zaizkienak), eta beste 36 kasutan, domeinu legitimo batean gertaturikoa konpontzea lortu da. Konprometitutako domeinuak lirateke horiek, segurtasunaren hizkeran, detektaturiko kasuen %14. 

Tartean geratu dira beste sei kasu.

Txostena lau hizkuntzatan argitaratu du PuntuEus-ek, hemen. Ondo egindako lana, zorionak.

 

Erantzun

Sartu