Teknologia albisteak

Boto negatiboak hasi dira Twitterren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-02-09 : 09:35

Twitterreko erabiltzaile jakin batzuei agertu zaie jada boto negatiboen aukera (downvote egiteko ikono bat, Twitterreko erantzun jakin bati buruzko iritzi oker edo negatiboa daukazula adierazteko, nonbait). Oraingoz, erabiltzaile batzuei bakarrik agertzen zaie aukera, eta bakarrik web interfazean, ez aplikazio bitartez.

Sustatuko kontuan ez dugu ikusi aukeratuta, baina gure jarraitzaile eta zaletu batek izan du abisua bere Twitterreko web kontuan sartzean:

Hizkuntza aukera gisa euskaraz eduki arren, ikusten duzuenez, azalpenak ez dute itzuli eta interfazean ere ez dago itzulita. Downvote deritzo aukerari, behera zuzendutako gezi baten forma du eta euskaraz ematekotan... beheranzko botoa? Boto negatiboa?

Bakarrik elkarrizketen kasuan eman daiteke beheranzko botoa. Mezu original bati ezin zaio, hari emandako erantzun bati. Ikusi Sustaturen txio baten kasuan:

 

Sustaturen txioari ezin zaio boto negatiboa edo downvote eman. Xabier Landabidea @Txerren-enari, bai ordea. 

Hala ere, boto pribatua da. Hau X lagunak egin du, eta ez Sustatuk, ez Txerrenek ez beste inork ez du ezer igarriko, ez du inork jakingo nork beherantz eman dizun edo zenbat negatibo pilatzen dituzun.

Orduan norentzat da informazioa? Twitterrentzat. "Kalitatea hobetzeko saiakera" gisa definitu dute tresna Twitterrekoek, eta izatez iaztik bost hilabetez testeatzen ibili direnez, nonbait balioa ikusi diote orain globalki zabaltzeko.

Boto edo iritzi negatiboak ez dira oso ohikoak Interneteko iruzkin sistemetan. Batzuetan jarri izan dira, baina erraz samar manipulatzen dituzte, jazarpen taktiketarako bidea bihur daitezke, eta negatibotasuna edozein iritzi zentzuzkoren gainetik jarri. Ikusiko dugu nola irteten den Twitterreko esperimentua. Itxura denez, negatiboak egun gutxiren buruan erabiltzaile guztiei zabalduko zaizkie web interfazean, eta ikusiko dugu aplikazioan.

 

 

Erantzun

Sartu