Teknologia albisteak

Edizio lehiaketak itzuli dira Euskarazko Wikipediara

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-01-04 : 09:59

Aurreko urte batzuetan ere antolatu ditu lehiaketak Euskarazko Wikipediak, baina ez 2021an. 2022arekin, berriz, hemen dira berriro edizio lehiaketak, sariekin noski, eta irabazi gabe geratzekotan ere satisfakzio horrekin, euskarazko ezagutza osatzen lagundu duzulako.

Aurtengo lehiaketek zio argi bat dute: "Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak" landu nahi ditu euskarazko Wikipediak. Orain 33. postuan gaude sailkapen espezifiko horretan, eta helburua litzateke gora egitea urtea amaitzerako. Hamar mila artikuluen zerrenda nazioartekoa da, Wikimedia Fundazioan kontsentsuz erabakia, eta helburu bat markatzen digu euskaldunoi, beste hizkuntzetako wikilariei bezala.

Puntuak lortzeko, hilabete bakoitzeko lehiaketan izena eman behar da (Wikipedista kontua izanik, noski). Adibidez, hona urtarrilekoa, oraingoz ireki dena, Historiako artikuluak bilduz osatutakoa.

Artikulu zerrendan, historiarekin zerikusia duten 10.000 horietako azpimultzoa dago. Gorriz agertzen diren estekak, euskaraz artikulurik ez dutenak dira. Besteetan, kalitate neurgailu baten ikonoa ikusten da.

Kalitate sinboloei dagokienez, zera esan nahi dute, ORES deritzon eskala batean:

Artikulu berriak egiten, edo jada sortutakoak eduki gehiagoz hornitzen eta kalitate eskalan aurreratuz, bi moduetan lortzen dira puntuak lehiaketarako.

Lehen lehiaketa honetan, 150 euroko bonoa da lehen saria, zenbait erakunderekin gastatu daitekeena (Hontza, Katakrak, Joker, Garoa, Nekatur, Elkar). 2. eta 3. saria, 50 euroko bonoak.

Urtarrileko gaia Historia artikuluak diren bezala, hona datozen hilabeteetakoak:

  • Otsaila: Artea.
  • Martxoa: Geografia.
  • Apirila: Filosofia eta erlijioa.
  • Maiatza: Antropologia, psikologia eta eguneroko bizitza
  • Ekaina: Gizartea eta gizarte-zientziak
  • Uztaila eta Abuztua (lehiaketa bakarra): Biografiak
  • Iraila: Biologia eta osasun-zientziak
  • Urria: Zientzia fisikoak
  • Azaroa: Teknologia
  • Abendua: Matematika

Ekin bada, hemendik: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehiaketak/2022/01 

Erantzun

Sartu