Teknologia albisteak

(H)Itzartu EITB aurkeztu dute, EITBk 40 urte bete bezperetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-12 : 10:52

Durangoko Azokako aurkezpenen zurrunbiloan pasatu zitzaigun hau, (H)Itzartu EITB izeneko plataforma batek bere burua aurkeztu duela agiri batekin abenduaren 8an. "EITB kohesiorako, euskararen normalizaziorako eta euskarazko ikus-entzunezkoen arloaren pizgarri izango den prestigiozko hedabide bihurtzearen aldeko ekimena" da oraingoz beste izenperik gabe aurkezten den hau. EITBk abenduaren 31n 40 urte beteko dituela-eta, hausnarketara deitzen dute.

Hona aurkeztutako agiria:

(H)ITZARTU EITB

40 urte beteko ditu EITBk 2022ko abenduaren 31an, eta urteurrena bere eginkizuna garai berrietara egokitzeko aukera paregabea dela iruditzen zaigu. Eztabaida anitz eta zabala abian jartzea proposatzen dugu horretarako. Guztion zeregina delako EITB erreferentziazko eta prestigiozko informazio talde bilakatzea, kudeaketan irekia eta gardena, informazio trataeran hurbila, inpartziala eta objetiboa, gizartearen aniztasuna islatuko duena eta jendartearen kohesioa sustatuko duena. Eztabaida horretan, parte hartu beharko lukete euskalgintzako eta kulturgintzako eragileek, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek, ordezkari politikoek eta bestelako gizarte eragileek.

Gure herriko sentsibilitate guztien parte hartzeaz, irudikatu eta hitzartu dezagun datozen hamarkadetarako irrati-telebista publiko berritua.

(H)ITZARTU EITB ekimena pauso bat haratago doa, eta EITB eraberrituak izan beharko lituzkeen ezaugarri batzuk proposatzen ditu:

EITB, 82ko sorrera legeak jasotzen duen eran, euskararen normalizaziorako tresna nagusi bilakatu behar dugu. Horretarako, aurrekontuetan euskarazko kateei eman behar zaie lehentasuna, euskarazko sorkuntzan eta bikoizketan egiten den inbertsioa handitu, eta euskarazko kalitatezko programak eta ikus-entzunezko edukiak eskaini.

Irrati eta telebista publikoek euskararen normalizazioaren zeregina betetzen dutela ziurtatzeko, EITBren sorrera Legea eta Estilo Liburua eguneratu eta berrikusi beharra daude. Hizkuntza irizpide zehatzak eta argiak ezarri eta betearazi behar dira, barne ekoizpenetan, kontratatutako produkzioetan (hizkuntza klausulen bitartez) eta kanpo produkzioetan ere.

EITBren gaztelera hutsezko telebista-kate eta irratiak, elebidun bilakatu eta euskarari era librean lekua egitea aldarrikatzen dugu; euskaldunak euskaraz egitera bultzatuz, erdaraz beharrean, eta euskara ikusgarri eginez. EITBk erdal hiztunak euskarara ekartzea izan behar du helburu, eta horretarako azpidatziak erabilitzea ere proposatzen dugu. EITB euskararen normalizazio prozesuan benetako traktore-eragile izango bada, beharrezko deritzogu, gaztelerazko telebista-kate eta irratietan, euskararen presentzia pixkanaka areagotzen joatea.

EITBren programazioa kalitatezkoa izan behar da. Horretarako tokiko sorkuntza izan behar du oinarri, nazioarteko kalitatezko edukiak euskarara bikoiztu eta azpidatzi, eta jatorrizko edukiei lekua egin behar zaie. Programazioak, gure hizkuntza, kultura eta identitatea izan behar ditu oinarri, hau ezezik, hezitzailea eta entretenigarria ere izan behar du.

Lehentasunezkoa da EITBren jarraitzaileen oinarria handitzea, bereziki, haur eta gazte audientziak kontuan izan behar lituzke. Estrategia egokiak martxan jarri eta baliabideak ipini behar dira horretarako, haur eta gazteentzako eskaintza hezitzaileak eta erakargarriak sortu behar ditugu.

Horrez gain, EITB euskarazko ikus-entzunezko sektorearen pizgarri izan behar da. EITBn egiten den inbertsio publikoa, euskarazko ikus-entzunezkoen industrian egiten den inbertsioa izan behar da.

EHn, 2021eko abenduaren 8an.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu