Teknologia albisteak

Igo Bolumena jardunaldia, periferiako gazteen euskalduntze problematikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-01 : 08:37

Euskara eta kulturaren transmisioa, ertzetatik. Horixe du abiapuntua Igo Bolumena jardunaldiak, zeina bihar abenduaren 2an egingo den Barakaldon. Goizeko topaketa izango da, 9:15etik 14:30era. AHIZE-AEK-k antolatua, HPS, Foru Aldundia eta Barakaldoko Udalaren laguntzarekin. 

Jardunaldia antolatzeko motibazioa agerikoa da: euskararen ezagutza gero eta handiagoa da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako gazteen artean, baina erabilera ez da areagotzen ari. Euskararekiko lotura badute gazteek, baina ez da praktikoa eurentzako. Gehienek euskara ikastetxean jaso dute. Familia erdaldunetakoak izan arren, haur txikiek garatu dute lotura euskararen munduarekin. Hori posible da transmisiorako zirkuituak eta edukiak badaudelako, eta egunerokoan heltzen zaizkielako hamaika ipuin, istorio edo kantu euskaraz. Nagusitu ahala, ordea, euskararen munduarekin dituzten loturak ahuldu eta lausotu egiten dira. Ez dute euskararen mundua ezagutzen, eta ez daukate euskaraz sozializatzeko biderik. Euskararekiko duten lotura ikastetxera (hezkuntza formala) eta jaien eremura murrizten da; horren ondorioz, asoziazio, jarrera eta praktika zehatz oso mugatuak eraikitzen dituzte.

Problematika horri aurre egiteko, jardunaldian besteak beste tratatuko diren gaiak dira:

  • #Damolat Ikas Unitatea aurkeztuko da.
  • Ikas unitatearen oinarrian dagoen ikerketaren berri emango da: Nola hobetu euskara eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa periferiako gazteen artean.
  • Euskararen munduaren periferia zer den zehazten saiatuko da eta honetan gazteek duten posizioa kokatzeko ariketa egingo da: motibazioak, mugimenduak, interesak...
  • Gaur egunean euskarazko kultur sorkuntzan murgilduta dauden periferietako gazteen iritziak, esperientziak, eta ekarpenak aurkeztuko dira.

Zehaztapenak eta egitaraua, hemen.

Erantzun

Sartu