Rikardo Arregi sariak 2021, nominazioak jakinarazi dituzte
Rikardo Arregi kazetaritza sariek (RAKS) bi atal izango dituzte aurten, Kazetaritza eta Komunikazioa, eta bakoitzean lau nominatu jakinarazi ditu antolakuntzak. Alor bakoitzeko saria 9.000 eurokoa da. 2021eko RAKS sarien edizio hau historiako 33.a izango da. 2020ko ekitaldiko irabazleak izan ziren: komunikazioaren alorrean Egunean Behin joko-aplikazioa, eta kazetaritzakoan Osasun Etxea Euskadi Irratiko saioa.
Hona nominatuak. Kazetaritza sarirako:
- Berria egunkarian argitaratutako Ahomentan elkarrizketen seriea.
- Beñat Zalduak idatzitako "Nola iritsi gara honaino" seriea (Gara).
- Zaballako espetxetik egindako Faktoria irratsaioa (Euskadi Irratia).
- Urtzi Urrutikoetxeak idazten duen Leku-Lekutan izeneko atala (Berria).
Komunikazio sarirako:
- Oier Aranzabalen Barruan Gaude podcast-a.
- Basilika podcast komunitatea.
- 3000twitz kolektiboa, Twitch euskaratzearen alde ari dena.
- Pantailak Euskaraz egitasmoa.
Proposamenak jaso eta nominatuak jakinarazi dituen epaimahaia honako lagunek osatu dute:
- Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea),
- Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea),
- Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua),
- Elixabete Larrinaga (UEHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea),
- Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea),
- eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua).
- Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi.
2021eko irabazleak azaroaren 19an ezagutaraziko dira, Andoaingo Bastero Kulturgunea 19:00etan egingo den ekitaldian. Ekitaldi horrek leitmotiv nagusi bat izango du aurten: Martin Ugalde idazle eta kazetaria (Arregiren herri berekoa zen, Andoaingoa) jaio zela 100 urte betetzen baitira.
Erantzunak kargatzen...