Durangoko Azokak “DA PRO!” jardunaldi profesionalak antolatuko ditu abenduaren 1etik 4ra. Azken bi edizioetan ez bezala, aurten 4 egun iraungo du eta musika zein beste diziplina batzuk landuko dira (familiei zuzendutako musika, ikuskizunak eta tailerrak, literatura-lan batek ikus-entzunezko mundurantz jarraitu behar duen prozesua, artista batek bere ibilbide profesionalerako behar dituen baliabideak…).
DA PRO! ekimenak programazio zabalagoa izango du aurten Durangoko Azokan. Kulturako profesionalentzako jardunaldiak abenduaren 1etik 4ra egingo dira Durangoko hainbat gunetan. Parte hartzea doakoa izango bada ere, aldez aurretik izena eman beharko da lehenengo hiru egunetarako.
Edizio honen helburua programazioari indarra ematea eta artista profesional anitzen arteko topagune bat sortzea da, proiektu berriak sor daitezen.
Egitaraua:
- Abenduaren 1ean: Musika taldeek eta kantautoreek beren proiektu musikalak aurkeztu ahal izango dituzte Euskal Herriko areto eta ekitaldietako programatzaileen aurrean, hori guztia Musika Bulegoaren laguntzarekin.
- Abenduaren 2an: Formatu txikiko ikuskizun eta tailer familiarren txanda izango da, kasu honetan Bizenta Mogel liburutegian.
- Abenduaren 3an: Azokaren online denda martxan jarriko den egun berean, literaturatik pantaila handirako iraganbideari buruzko jardunaldi bat antolatuko da: "Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?". Mahai-ingurua 11: 00etan hasiko da Durangoko Zugaza zinemetan.
- Abenduaren 4an: Stand presentzialak Landako pabiloira itzuliko diren egun berean, sortzaileek bide profesionala egiteko behar dituzten bitartekoei buruzko hitzaldia egingo da, 13: 30ean, Landakon. Bertan, egile-eskubideak, komunikazioa, marketina, kontratazioak... landuko dira.
DA PRO! inguruan Informazio gehiago eskuratzeko, hemen.
Erantzun
Sartu