Teknologia albisteak

Meta, Facebook-en izen eta norabide berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-29 : 10:31

Facebook konpainiak izen berria du aurrerantzean: Meta. Facebook ez da desagertzen, konpainia nagusiaren produktu bat da, baina norabide berrian badirudi Metabertso (Metaverse) erako produktu sorta bat bultzatu nahi duela bereziki.

Zenbait bideo zabaldu ditu Mark Zuckerberg Facebook-eko sortzaileak azken orduetan. Batean izen eta logo berriaren aurkezpena egiten du. Bideoan sarreratxo bat, eta izen aldaketaz zehatzago 4. minututik aurrera

Ez da hain arraroa hau gertatzea ere. Google konpainiaren izen nagusia (burtsan kotizatzen duena) Alphabet da duela urte batzuetatik, eta haren azpiko hainbat produktu edo azpi-konpainia daude. Berdin Meta honekin; orain esango dugu Instagram, Whatsapp, Facebook edo Oculus direla Metaren produktuak.

Adi hor aipaturiko izen horrekin, Oculus: errealitate birtual edo areagotuko ingurunueetan sartzeko buruko kasko-pantaila da Oculus. Badirudi Zuckerbergek nahi duela horren bidez sar gaietzen metabertso delakoan, errealitate birtualeko unibertso paralelo moduko bat, non aldi berean izango genituzkeen interakzio sozialak, eta baita lanerako inguruneak. Bideo honetan halako zerbait ikusten da:


Badirudi metabertso horrek Horizon Worlds izena duela oraingoz. Abuztutik dago sarean demo moduko bat, garatzaileei proposamena eginez mundu horretarako garatu ditzaten gauzak. Sasoi bateko Second Life hura bezala, baina tarteko pantaiklarik gabe, hau da, Oculus kaskoa jarri buruan eta ikusmen eta esku-eragiketen bitartez mugituko garen ingurune bat.

Ingurune honen beste bideo bat, Zuckerberg hiperzuria gabe, jende beltzaranagoarekin.

Eta hori Facebook-en, barka, Metaren kontrolpean. Super-erakargarria ezta?

Meta.com domeinuak oraingoz hona zuzentzen du: https://about.facebook.com/meta 

Erantzun

Sartu