Teknologia albisteak

IMFDB: Pelikuletako armen datubase harrigarria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-24 : 09:25

Aste honetako zine munduko albiste latza izan da AEBetan, Western baten filmaketan, pistola batekin Alec Baldwin aktoreak argazki-zuzendaria (Halyna Hutchins) hil zuela nahigabeko tiro batekin. Pistolak ez zuen balaz kargatuta egon behar, noski. Ez da jakinarazi ze arma zehatz erabili zuen Baldwinek, baina bala 44 kalibrekoa zela bai. Izatez, filmetan benetako armak edo haien imitazio zehatzak erabiltzen dira, kontua da munizio benetakoa ez erabiltzeko segurtasun arauak egoten direla ohikoan. Bada, hain zuzen ere, Internet Movie Firearms Database izeneko webgune bat, telesail eta filmetako armen katalogoa egin duena.

Nola baden IMDB, Interneteko film datubase handiena (Amazonek erosia bere garaian), antzeko siglak ditu honek: IMFDB, Internet Movie Firearms Database.

Informazio oso zehatza eta sakona da. Nola bildu duten? Batek daki. Wikiak egitwko Wikipediaren softwarearekin egindako gune konpleto bat da, eta hortaz akaso ekarpen kolektiboak dira jakintzaren iturria.

Bilatu izen bat, Alec Baldwin adibidez, eta irudi eta guzti agertzen da informazioa, hainbat filmetan, hainbat arma. Esate baterako, Heaven's Prisoners (1996) filmean, Colt MK IV Series 80 bat eskuan dagoela ageri da Baldwin eszena honetan.

Filmez film ere, informazio osoa. Joker, adibidez, 2019ko filma; ustez indarkeriaren gorazarra batzuen iritziz. Tira, bi arma bakarrik ageri dira.

Eta arma modeloen arabera ere egin daitekeenez bilaketa, Euskal Herrian egindako armak ere aurki daitezke. Esate baterako. Quentin Tarantinoren Kill Bill Vol. 2 filmean, Uma Thurmanen eskuetan Eibarren egindako Star bat agertzen omen da.

Ikusi halaber Astra markaz zelako informazio konpletoa dagoen: http://www.imfdb.org/wiki/Astra  // Esate baterako, 44 kalibrekoak jauritzen dituen Astra Terminator bat ikusi ahal izan dela Mel Gibson, George Clooney, Juliette Lewis edo Harvey Keitelen eskuetan.

Bisitatu, ausartzen bazara http://www.imfdb.org 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago