Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azoka ospatuko da. baDA! lelopean, azoka modu presentzialean zein digitalean egingo da. Durangoko Azokak 56. edizioa ospatuko du eta guztira 220 stand egonen dira modu presentzialean. Bestalde, bigarren urtez jarraian, azokak online denda mantenduko du bere webgunean abenduaren 3tik 7ra.
Aurten, aurreko urteetan bezala, azoka Landakon kokatuko da baina antolatzaileek azaldu duten moduan, oraindik ez dago zehaztuta zein izango den Landakoren edukiera, ezta pabiloira sartu ahal izateko osasun-neurriak beharrezkoak izango diren ere.
Esan bezala, stand presentzialez gain, azokak online denda bat izango du bere webgunean abenduaren 3tik 7ra. Bertan, Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak aurkitu ahal izango dira. Gainera, ikuskizunei dagokienez, Areto Nagusian eta Ahotsenean egiten diren ekitaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira webgune berean. Azokak modu presentzialean izango dituen ekitaldien artean kontzertuak, aurkezpenak edota arte eszenikoekin loturiko ikuskizunak egingo dira.
Aurtengo nobedade nagusiak aurkezteaz gain, 56. azokaren kartela ere ezagutzera eman da. Egilea Leire Urbeltz da (Iruñea, 1985) eta “'Desipuindegia' izena jarri dio bere lanari. Irudian, kolore anitz eta bizien bidez, azokaren lehen edizioak gogora ekarri nahi izan ditu egungo garaietara egokituz. Gainera, azoka osatzen duten hainbat elementu aurki daitezke (biniloak, liburuak edo aldizkariak). Azken finean, Leire Urbeltzek 60ko hamarkadako azokaren lehen edizioei omenaldi bat egitea nahi izan du kartel horren bidez.
Informazio gehiago, Durangoko Azokaren webgunean.
Erantzun
Sartu