Teknologia albisteak

Iñigo Urkullurekin topaketa Interneten: egin zure galdera jada

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-06 : 08:18

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria #UrkulluTopaketa izendatu duten Internet bidezko galde-erantzun saio batean izango da datorren urriaren 25ean. Herritarrek egindako galderei Jaurlaritzaren Irekia webgunetik erantzungo die lehendakariak.

Galderak aukeratzeko prozesua urrats hauetan gauzatuko da.

  • Galderen fasea: herritarrek galderak planteatzeko fasea, jada zabalik dagoena (atzodanik) urriaren 12a arte.
  • Bozketa fasea: galderen balorazio herrikoia, 2021eko urriaren 13tik 18ra.
  • Ondorioen fasea: herritarrek gehien baloratzen dituzten 20 galderak hautatzea, 2021eko urriaren 22an.
  • Topaketa: #UrkulluTopaketa ekimenean, Iñigo Urkullu lehendakariak zuzenean erantzungo die herritarrek boto gehien jaso dituzten 20 galderei, 2021eko urriaren 25ean.

Ekitalda Irekiaren bidez, eta bideo eran Youtuben eta Facebook-en ere ikusi ahal izango da, esteka horietan daude kanalak.

Zuzeneko emanaldian erantzuten ez diren galderak, lehenengo 20en artean egoteko puntuazio nahikoa lortu ez dutelako, Irekiaren webgunean erantzun eta argitaratuko dira urriaren 29an, eta Irekiaren sare sozialetan zabalduko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Galderak egiteko fasea irekita dagoenez (urriaren 12a arte), adi:

  • Hemendik egin daitezke galderak. 
  • Lau esparru proposatzen dira (edo "beste gai batzuk", 5. aukera ireki bezala). Bat: Egoera ekonomikoa Euskadin; inbertsioak eta europar funtsak. Bi: Zerbitzu publikoak: hezkuntza, osasuna, gizarte babesa, etab. Hiru: Autogobernua; Estatus berria eta espainiar estatuarekin erlazioa. Lau: Covid-19aren Pandemiaren kudeaketa eta covid osteko errekuperazioa.
  • Galderak zuzentzeko orduan, adi parte-hartzerako definitu dituzten arau edo oinarriei.
  • 255 karaktere gehienez galdera proposatzeko, Irekian erregistratuz edo anonimoki egin daiteke.
  • Galderak euskaraz edo gaztelaniaz bidal daitezke, zehazten dute oinarriek, baina ez da gehiago esaten ea 10 galdera izango diren hizkuntza batean eta beste hainbeste bestean, edo galdera hautatuak (agian) elebitan planteatuko ote diren. Ikusiko dugu.
  • Moderaziorako erabilpen baldintzak ditu Irekiak, hemen dituzue.

Informazio gehiago, Irekia.

Erantzun

Sartu