Teknologia albisteak

Artxipelagoa: gaur aurre-entzunaldia, eta datorren astean podkast-estreinaldia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-30 : 08:16

"Artxipelagoa" datorren astelehenean, urriak 4, argitaratuko den zortzi ataleko soinu-fikzio distopikoa da EITBPodkast plataforman aurkituko duzue: Artxipelagoa, baina webgune propioa ere badu ekimenak: Artxipelagoa.eus. Gainera, gaur osteguna, irailak 30, gonbidapenak lortuz gero hemen, lehen bi kapituluen aurre-entzunaldira joan zaitezkete Donostiako Kursaal jauregiko Kubo aretora.

Sinopsi honekin aurkezten da proiektua: "Euskal Artxipelagoa. 2103. urtea. Europa urpean geratu da ia erabat. Itsasoaren maila 500 metrotik gora igo da eta hiri-estatu gisa elkartu dira ur gainean geratu diren gune bakanak, besteak beste, Euskal Artxipelagoa izeneko uhartedia. Bertan bizi da Jare, mundu zaharraren kondarrak ezagutu nahi dituen gaztea."

Mundu horretako mapak ere egin dituzte Artxipelagoa.eus webgunerako, Xabier Sagastak marraztuak. Hemen pare bat:

Proiektuaren ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da. Aranzabalek zuzendu eta ekoitzi du saila Juan G. Andresekin (kazetaria eta argazkilaria) batera. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiena da, eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. Lantalde honen atzean Ulu Media enpresa berria dago, Oier Aranzabal eta lagunen proiektu kutuna.

Aktore lanetan aritu dira Artxipelagoan Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Klara Badiola, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen elkarlanarekin, eta Anartz Zuazuaren aktore zuzendaritzarekin.

"Badator ekaitza!", diote Ulu Mediakoek. Ea ba. Entzungo dugu!

Erantzun

Sartu