Osasunak 2024ra arte berritu du AEKrekin duen euskara kudeatzeko hitzarmena, 2018an erakunde horrekin lankidetzan hasitako hizkuntza-kudeaketa hobetzeko planaren barruan. Luis Sabalza Osasunako presidenteak Alizia Iribarren Euskaraz Kooperatiba Elkarteko (AEK) presidentearekin sinatu zuten akordioa atzo, Sadarren.
Osasuna da historikoki Espainiako futbol ligetan euskarazko izenarekin lehenagotik ari den taldea, goren iritsi dena, eta hiriburuetako taldeen artean bakarra. Bere estatutuetako 6. artikuluan ezartzen duenez, "Osasunako berezko hizkuntzak gaztelania eta euskara dira" eta "elebitasuna sustatuko da".
AEK eta futbol klubaren arteko lankidetza 2018. urtean hasi zen, eta hiru urteko hitzarmena sinatu zen, klubaren hizkuntza-kudeaketa hobetzeko lehen urratsak emateko. Aldi horretan hainbat lan-ildo ezarri ziren, hala nola sentsibilizazio-hitzaldiak, hala eskatzen zuten langile eta jokalarientzako euskara-eskolak eta itzulpen-plan bat. Orain, lehen epe horren ostean, Osasunak eta AEK-k 2024ra arte proiektuaren jarraipena sinatu dute, hizkuntza planaren barruan aurrera egiten jarraitzeko asmoz.
Atzo egindako ekitaldian Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak akordioaren garrantzia azpimarratu zuen. "Osasuna aurrerapausoak ematen ari da eta guretzat oso garrantzitsua da, gizartearentzat erreferente bat delako", gaineratu zuen.
Informazio gehiago Osasunaren webgunean.
Erantzun
Sartu