Teknologia albisteak

Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi du Miren Agur Meabek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-21 : 17:35

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) irabazi du Espainiako Poesia Sari Nazionala , olerkigintzaren esparruan Espainiako Estatuan ematen saririk garrantzitsuena. 'Nola gorde errautsa kolkoan' (Susa) bildumak ekarri dio saria, zeina gaztelerara itzulia dagoen Cómo guardar ceniza en el pecho izenburuarekin. Lehen aldia da euskarazko poesiagintzak sari "nazional" hau jasotzen duena.

Epaimahaiaren arabera, Miren Agure Meaberen lanak "desiraren eta heriotzaren inguruko hausnarketak batzen ditu, nostalgia eta denboraren igaroa etengabe elkar gurutzatzen dira hitzaren bidez gozamenaren bilaketan". Espainiako Kultura Ministerioak eman ohi ditu Sari Nazional hauek, eta poesiagintza alorrekoan, 20.000 euroko dirusariarekin doa.

Miren Agur Meabe euskal filologoa, editorea eta irakaslea da. Idazle gisa  arlo bitan da ezaguna batez ere, poesia eta gazte literaturan. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi du hiru bider, 2002an, Itsaslabarreko etxea lanarekin; 2007an Urtebete itsasargian liburuagatik.eta 2011n Errepidea lanagatik.

Espainiako Kritikaren Saria ere jaso zuen 2011n, Bitsa eskuetan poesia liburuagatik (hau hizkuntzen arabera banatzen da, hau da, urtero dago euskarazko poesia sari bat).

Erantzun

Sartu