Basque Naming Obsession Spreadsheet
Udan aurkeztu zen BDCC, EAEko erakunde publikoek bultzatutako sustapen zentro edo elkargo berria: Basque District of Culture and Creativity. Ohikoa bihurtu den modari jarraiki aukeratu da izena, Basque, baina ingelesez. Gari Araolazak zerrenda bat sortzea erabaki zuen, Basque Naming Obsession Spreadsheet (Euskal Izendatze Obsesioaren Kalkulu-orria), kalkulu-orri bat izatez, denon artean adibide gehiago gehitzeko.
Hainbat adibide bertan, dagoeneko aski ezagun eta klasikoak adibidez:
- Bilbao Exhibition Center, BEC erakustazoka, Barakaldon.
- Basque Culinary Center, BCC, Mondragon Unibertsitatearen baitako sukaldaritza eskola.
Beste batzuk berriagoak, azken urtean edo sortuak:
- Bermeo Tuna World Capital (Bermeo, hegaluzearen munduko hiriburua)
- Basque Artificial Intelligence Center, adimen artifizialerako euskal zentroa.
- Basque Green Deal, "bidezko garapen jasangarrirako euskal eredua" edo, literalki, "Hitzarmen Berdea", Jaurlaritzaren ekimena ekonomia berdeago bat erdiesteko. Honen irudi korporatibotik aukeratu dugu artikulu hau ilustratzeko irudia.
Kalkulu-orria irekian dago eta editagarria da, edozeinek gehitu ditzake bere adibideak: bandalismorik ez, mesedez, eta esteka jarri ahal bada, erakundearen berarena ez bada, delako Center edo dena delakoa aipatzen den albisteren batena.
Disclaimer: Sustatu egiten du CodeSyntax Eibarko enpresak.
Erantzunak kargatzen...