Teknologia albisteak

Berriketa aukerak aldatuta Gmail interfazean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-31 : 10:53

Gmail funtsezkoa bada zure komunikazioetan edo lanean, eta ordenagailu aurrean ez bazara jarri abuztuko oporretan, sorpresa txiki bat duzu ordenagailu pantailako Gmail bertsioan: aldaketak egin dituzte abuztuan. Google ez da sekula oso eroso edo trebe suertatu bere "berriketa" eta "interakzio sozialerako" tresnekin, izenak, aplikazioak, integrazioak asmatuz eta eraldatuz urterik urte; eta orain halako beste batekin etorri zaigu. 2021ko aldaketa honekin, hiru produktu erlazionatu ageri zaizkigu Gmail-en integratuta, Chat, Hangouts eta Meet, eta bakoitza nola dabilen azalduko dugu. Ohar inportantea: Google eta Gmail euskaraz erabiliz gero, dena txukun euskaratuta.

Sartzen bazara Gmail helbidean, beste produktuen integrazioa ikusiko duzu, eta izenen bat desagertu dela dirudien arren (Hangouts), hori ere hortik dabil. Berriketa funtzioak dira, beraz:

GOOGLE CHAT:  Berriketarako edo txateatzeko soilik bailo du, bere bitartez ezin da bideoz deitu. Hau da Gmail plataforman erabiltzeko geratu den plataforma. Ezkerreko zutabean dauden Txata eta Gelak honekin kudeatzen dira (aparteko Hangoutsekin ere bateratuta daude). Aparteko helbidea: https://mail.google.com/chat/u/0/#chat/welcome?hl=eu

GOOGLE HANGOUTS: Txateatzeko eta bideoz zuzenean deitzeko balio duen plataforma, itxura batera Googlek hiltzera kondenatu nahi duena. Lehen hau zen Gmail-en erabiltzen genuena, defektuz txertatuta zetorrena. Hemendik egindako deiak ezin dira Google Chat bidez hartu, hau da, Hangouts-eko deiak ezin dira hartu bere aplikazioa leiho aparteko batean irekita ez badago. Aparteko helbidean, dena dela, lehen bezala dabil, https://hangouts.google.com/?hl=eu 

GOOGLE MEET: Bideodei gelak sortzeko, bideo bilerak programatzeko eta orokorrean bideoari dagokion guztirako plataforma. Hemendik aurrera Gmail-en gaudenean txat-etik bideo deirako bidea hau izango da. Txatean + ikurra sakatu eta bideo ikurra sakatuta honako gela bat sortuko da, bidali eta bi partaideak hara sartu beharko dira, jitsi gela bat sortzearen tankeran. Gmail-eko ezkerreko zutabean azken postuan ageri zaidan Bilera atala honi dagokio. Aparteko helbidea: https://meet.google.com/?hl=eu

Laburbilduz, hemendik aurrera Gmail zabalik izanda, Google Chat izango da textuz hizketarako plataforma, eta deiak egiteko modua ez da lehengo telefonoz deitzearen antzekoa izango (Google Hangouts), gehiago izango da bi aldeek adostu eta bideo dei batean sartzea (Google Meet).

Ikusi interfazean, bestalde zerbitzu hauetan konektatuta egoteko aukera (argi berdea), alboko zutabetik goiko posizio batera igaro dela.

Erantzun

Sartu