Teknologia albisteak
2

"Euskara logikoa da", bai noski

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-18 : 08:52

"Euskara Logikoa Da": lema bitxi bat poltsetan eta kamisetetan ikusiko duzuna akaso aurtengo udatik aurrera. Eta beste esaldi / diseinu batzuekin osa daitekeena aurrerantzean Euskaralogikoada oihalgintzako marka sortu berriaren lehen ikurra baita.

 

Bi lagunen artean sortutako egitasmoa da. Horietako batek, Helena Nuñezek, euskaltegi bateko ikasle zela Donostian, beti entzuten zion irakasle bati "Euskara logikoa da" klasean errepikatzen. Leloa behin eta berriz entzun, Nuñezi lelo horrekin kamiseta bat egitea eta irakasleari oparitzea bururatu zitzaion: irakasleari izugarri gustatu zitzaion. Ikasle horren ikaskideei kamiseta gustatu zitzaien baita ere, ideia erregistratzearekin matraka ematen hasi ziren, beraiek ere nahi zutela kamiseta hura erosi...

Helena Nuñezek bazkide bat topatu zuen, Xabier Etxaniz Rojo, eta bien artean marka erregistratu (Euskaralogikoada, dena batera), eta oihalezko produktuak egiteari ekin diote. Euskaralogikoada poltsak ateratzea izan zen gure lehenengo pausoa eta orain kamisetak egin dituzte.

Beraien Twitter kontuan azaldu dute egitasmoaren nondik norakoa: "Gure hizkuntza gure oihaletan. Alegia, euskara gure arropan ikusi nahi dugu. Ez dugu "euskararen aldeko kamisetak" egin nahi. Euskara bera protagonista izatea da gure nahia, euskaldunon hizkuntz- eta kultur-erreferentziak arropan ikustea.

"Euskaratik eta euskaraz" sortu duten ekimen-izena eta oihaletan agertzen den lehen mezu hori, "euskara logikoa da", baina etorriko dira beste esaldu batzuk."Euskaraz sortu dugu eta euskaraz sortu nahi dugu. Euskaldunontzat sortutako leloak. Euskaldunok ulertuko ditugun mezuak. Euskaldunok egindakoa eta euskaldunontzat".

Xabier Etxaniz Rojok idatziz zera gehitu digu: "Ez gara aberastuko abentura honekin eta diru gehiegi ez galtzearekin konformatuko ginateke. Baina filosofia argi daukagu. Euskarak erreferentziak behar ditu arlo guztietan eta arroparena (ia) jorratu gabeko arlo bat da. Ez gara euskal "konstunbrismoa"-z ari, ez harrijasotzaileez ezta pilotariez ere. Turistek badute non aukeratu euskal souvenirrak erosteko garaian. Gu Harkaitz Cano edo Kandido Uranga gure kamisetetan jartzeaz ari gara. Euskarari eta euskal erreferentziei gure kamisetetan lekua egiteaz ari gara. Hori da gure filosofia eta hori da gure asmoa. Ez dakigu nola funtzionatuko duen baina saiatuko gara".

Zorte on! Kontaktatzeko:

Erantzunak

2021-08-18 : 13:11

Mila esker, Luistxo!

Soilik gauzatxo bat, helbide elektronikoa ez da zuzena.

Helbide zuzena hau da: euskaralogikoada@gmail.com

2021-09-02 : 10:18

zuzendu dugu, barkatu okerra.

Erantzun

Sartu