1990eko hamarkadaneta Interneteko lehen urteetan, lehen mailako protagonismoa zuen izena zen McAfee. Antibirusaren sinonimo globala zen, eta John McAfee enpresariak sortutako enpresa baten emaitza zen. Sustatuko editoreak gogoan du nola behin semeak mutikotan esan zion, "Macafee izango da Apple-rena, Mac-ak bezala, ezta?". Ez, ez zen Apple-rena, baizik eta, hasiera batean, John McAfee pertsonaia bitxiarena. Kartzelan zen iaztik Bartzelonan, eta ziegan hilda aurkitu dute.
John McAfeek berak pertsonalki idatzitako softwarea izan zen antibirusaren lehen bertsioa, baina enpresa hazi ahala, exekutibo eta inbertitzaileek boterea eskuetatik kendu zioten (akzioen gehiengoarekin), bere kudeaketa ereduarekin ez oso pozik. Erorketa biguna izan zen, hala ere, McAfee uztearekin dagoeneko milioiez hornitua baitzegoen John McAfee.
Ondoren, oso bizimodu bitxia eraman zuen, milioiak egin eta desegiten. Karibeko Belize herrialdean kokatu zelarik, han droga trafikoarekin nahastu zen, eta hilketa bat ere leporatu zioten bertako agintariek. Dokumental honek sakon kontatzen ditu abentura horiek.
Zenbait herrialdetan bilatua zegoelarik, 2020ko urriaren 6an atxilotu zuten Bartzelonako aireportuan. Estradizio eskaeren zain zegoen Bartzelonako Brian espetxean ordudanuik, baina ekainaren 23an hilda aurkitu dute ziegan. 75 urte zituen.
McAfee marka oraindik bizi da, gorago aipatu bezala aspaldi deskonektatu bere sortzailearengandik. Ilustrazio irudia aurtengoa da, denda informatiko bateko apalekoa (eta bertan laukian sartu dugu McAfeeren selfie basati samar bat, Belizen bizi izan zen garaikoa).
Erantzun
Sartu