Adam Tranter garraio eutsigarriaren aldeko aktibista bat da Coventry hirian, Ingalaterran. Bere auzoko kale batean, atsedenleku publikiorik ez zegoen lekuan, ibilgailuentzako gordetako toki batean eserleku bat jarri zuen, eta udalak kendu egin zion, ibilgailuentzako tokia zelakoan. Konponbidea asmatu zuen Tranterrek: ibilgailu batean jarri eserlekua.
Horra irudian, Adam Tranterren burutazio eta ekintza, bere txio batetik eskuratu duguna. Bi lagunentzako doi-doi ematen du, baina lorontzierako eta landareetarako ere tokia ematen du motokarro edo furgoneta ireki zahar horren espazioak. Nola aparkalekua ez den denbora baterakoa, dirudienez iraunkorra da orain eserlekua eta lorategi txikia.
Guztiarekin, Adam Tranter ez da bakarrik ideia argiak dituen hiritar bat. Coventryko "alkate txirrindularia" da. Auto-izendapen eta marketing jokaldiaren artean (Tranterrek izatez komunikazio harremanetako enpresa bat zuzentzen du: Fusion Media, hau ere txirrindularitzako produktuekin lotua batik bat), delako kargu hau bizikletaren eta eutsigarritasunaren aldeko Coventryko zenbait erakundek babesten dute. Alkate berezi honen egitekoa da udala, beste administrazioak, txirrindulariak eta erakunde aktibistak lotzea eta harremanetan jartzea, txirrindulari urbanoen aldarrikapenak gorago iristarazteko.
Alkate Txirrindularien ekimena, BYCS elkarte herbeheretarrak bultzatutakoa da. Bereziki Indian dago garatua, eta Ingalaterran Coventryko Tranter izan da lehen alkate izendatua, baina dagoeneko bada gehiago. Euskal Herrian mugimenduak ez du ordezkaririk oraingoz: Parisko eta Madrilgo alkate txirrindulariak dira kasurik gertukoenak.
Erantzun
Sartu