Donostiako Zinemaldiak aurtengo edizioaren kartela aurkeztu du gaur (Sigourney Weaver aktorea delarik protagonista) eta horrekin batera iragarpen pisuzko eta interesgarria egin du: 2021 honetatik aurrera, interpretazio-sariak genero neutrokoak izango dira; alegia, ez da emakumeen eta gizonen arteko bereizketarik egingo.
Orain arte, Gizonezko Aktore Onenaren eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorrak ematen zituen Zinemaldiak bere palmaresean. 69.a izango den festibalaren edizio honetatik aurrera sariak izango dira Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra.
Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, honela azaldu du erabakia gaur egindako prentsaurrekoan: "Guretzat, generoak –eraikuntza sozial eta politiko bat– antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, eta horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlineko zinema-jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik. Aldaketa garaia da, erabakiak hartzeko unea. Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko".
Rebordinosek aipaturiko Berlingo erabakia (generorik gabeko interpretazio sariena) iaz hartu zuten, baina 2021eko Berlinale jaialdian aplikatu da lehen aldiz. Sariak ez dira zehazki Donostiako Zinemaldiko berdinak, rol nagusiko interpretazioa eta rol laguntzaileko interpretazioa dira Berlingo Zilarrezko Hartzaren jasotzaileak orain.
Sigourney Weaverren kartel nagusiaz gain, atalez atalekoak ere aurkeztu dituzte gaur, hemen dituzue irudi txikian:
Erantzun
Sartu