Teknologia albisteak

Erlikia bat: oinak neurtzeko podometroa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-17 : 09:22

Gari Araolaza teknozaleak gailu berezi baten berri eman zuen duela gutxi Twitterren: oinak eta oinetakoen neurriak neurtzeko gailua, pedimetro edo podometroa  alegia (badira beste podometro batzuk, urratsak neurtzeko gailuak).

"Gure familiako erlikia bat", aurkeztu du Gari Araolazak Twitterren (podologo baten semea da).

"Garai batean oinetakoen neurriak oso garbiak ziren: 2 cm = 3 zenbaki, baina globalizazioak neurri ingelesekin nahastea ekarri zuen eta orain marka bakoitzak bere zenbakiak ditu eta ez dago jakiterik."

"Horregatik gaur egun garrantzitsuagoa izango litzateke honelako tresnak zapata dendetan edukitzea, batez ere ume txikiengan pentsatuz, baina helduak ere askotan galduta ibiltzen gara neurri bila."

"Adibidez, nik bizitza guztian 43-44 inguruko zapatak erosi ditut baina berriki dendan erosi ditudan azkenak 46koak omen dira. Neurri estandarren nahastea amerikanizazioak ekarri du: pantailak hazbetetan, S-M-L, distantziak millatan... Sistema Internazionalaren beharra dugu!"

Araolazak erakutsitako podometroa, itxura batean Gasteizen egina da, MAM marka erregistratuarekin eta patentatuarekin. MAM delakoaren arrastorik ez dugu aurkitu, ez dirudi 21. mendera iritsi denik industria hori.

Podometro honen berezitasun nagusia da tresna berdinarekin neurtzen direla oina eta oinetakoa. Horrela, gaur egungo marken neurri nahasietaz fidatu beharrean zuzenean bateratu daitezke oina eta oinetakoaren tamaina.

MAM podometroak zentimetroak, neurri europarrak eta adinaren araberako gida bat dakar, oina ezarri eta neurria jakiteko. Luzapen aldagarri batzuen bitartez, zapatak ere neurtu daitezke, oinarekin alderatuz.

Argazkiak Wikipedian partekatu ditu Araolazak, eta gailuak badu jada artikulua bertan.

 

Erantzun

Sartu