Teknologia albisteak

Kontseiluak hizkuntza-politiketan jauzia egiteko agiri bat aurkeztuko du larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-16 : 09:46

Datorren larunbatean, Euskalgintzaren Kontseiluak "Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala" izeneko dokumentua aurkeztuko du Donostiako Kursaalean egingo den ekitaldi batean. Euskalgintzako hainbat eragilerekin batera landu du agiria Kontseiluak, eta eragile eta erakunde anitz horietako ordezkaritza zabal bat egongo da ekitaldian.

2020ko abenduaren Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak eraikitzeko erronkari ekin zion, konpromiso zehatzarekin: "«Hizkuntza- politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu zela esan genuen eta horri begira, eragile anitzekin prozesua zabalduko genuela aurreratu genuen. Azken bost hilabetetan buru-belarri jardun dugu horretan, eta pozik gaude izandako harrerarekin», adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkariak. Zazpi herrialdeetako eragileek lagundu dute dokumentuaren osakeran. Bilbao berriz ere: «Sektore oso desberdinetako eragileekin aurkezten ari gara ekainaren 19ko ekitaldia, askotariko eragileekin egindako lanaren emaitza delako, eta horixe erakutsiko dugulako» esan du.

Hamarnaka alde biko bilera egin ditu Kontseiluak askotariko eragileekin, eta orotara ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. Bilbaok bi elementu azpimarratu nahi izan ditu prozesuaren inguruan. Batetik, eremu oso desberdinetako eragileen aldetik izan direla ekarpenak, eta bestetik Euskal Herri osoko eragileen ekarpenak jaso dituztela prozesuan zehar: «Ainhize-Monjolosetik Tuterara iritsi da proiektua. Abokatuak, pediatrak, sendagileak, kirol-taldeak, sindikatuak, enpresak, mundu kooperatiboa, erizainak, gazte-erakundeak, elkarte feministak, LGTBI aktibistak, zientzialariak, laborariak, hezitzaileak, euskalgintza bere osotasunean… horien guztien adostasuna irudikatuko dugu ekainaren 19an» esan du.

Emaitza aurkezteko unea, ekainak 19, larunbata, 11.30etan Donostian. Aforo mugatua izango du oraindik Kursaaleko ekitaldiak, baina bada aukera tokia eskatzeko Kontseiluari eskaera eginez formulario honen bidez.

 

Erantzun

Sartu