Teknologia albisteak

Kaleka itzuli da Lekeitioko kaleetara uztail honetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-03 : 11:11

Pandemiak behartutako etenaren ondoren, Kalekak, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak bere 31. edizioa egingo du uztail honetan, 12 konpainiaren ikuskizunak Lekeitiora ekarriz. Uztailaren 9tik 11ra izango da Kaleka 2021, ostiraletik igandera.

Ezohiko egoera batean, ezohiko aukerez baliatu behar da. Kaleka beti kalean egin izan da, eta aurten ere horrela izango da, baina hesitutako guneak erabiliko dira aforoak kontrolpean izateko eta neurri guztiak egoki bete ahal izateko. Hiru gunetan banatuko dira ikuskizunak:

  • Abaroa jauregiko lorategia.
  • Plaza Baltza.
  • Herri Eskolako jolastokia.

Ohi bezala hiru sail izango ditu Lekeitioko jaialdiak:

  • KALEKA Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Aurten Tiritirantes Circo Teatro, David Moreno Cia. & Cristina Calleja, Mireia Miracle Company, Producciones Sansegundo, Mortelo & Manzani, Teatro La Cosa, Nuc, Haatik Dantza Konpainia, Mr Copini eta Visitans konpainiak izango ditugu.
  • KALEKA Scratchek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batuko ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan Madrilgo Máximo Óptimo konpainiaren Mínimo Pésimo ikuskizuna izango dugu.
  • KALEKAz Blai sekzioak herritarren parte hartzeari bideratutako ekintzak proposatzen ditu. Aurten Urdaibaiko Txitatoki Zirko Eskolaren parte hartzea izango dugu, zirku tailer irekia proposatuz. 5 urte daramatza Urdaibain zirkua irakasten eta oraingo honetan bere ikasleak izango dira erakustaldia egingo dutenak. Ostean, denok probatu ahal izango ditugu zirkuko teknikak.

Egitarau zehatza, PDF honetan. Informazio gehiago: https://kaleka.eus/jaialdia/ 

Erantzun

Sartu