Teknologia albisteak

Twitter Blue ordainpeko bertsioaren abantailak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-08 : 08:45

Twitter ordainpekoa izango den bertsioaren frogak egiten hasi da Kanadako zenbait erabiltzaileren artean. Ordainpeko edo harpidetzako bertsioari Twitter Blue izena jarri diote, eta Estatu Batuetan hileko 3 dolarreko kostua izango du. Izango dituen ezaugarriak irakurrita ez zaigu bereziki erakargarria egin.

Honako funtzioak izango ditu Twitter Blue bertsioak, irakurri dugunez:

  • Undo Tweet edo Txioa desegin. Ez da, pentsa litekeen bezala, egindako edozein akats edo idazketa zuzenketa berregiteko aukera, baizik eta, zuk aukeratutako denbora tarte betan (gehienez 30 segundu), txio bat ez bidaltzeko atzerapena. Hau da, bidalketari eman, eta 30 segundu zain geratuko da, gurpiltxo baten bira erakutsiz interfazea, tartean berrikusi eta gelditu nahi baduzu. Gmail-ek egiten du halako zerbait, baina apenas 5 segundurekin.
  • Reader Mode edo Irakurketa modua. Txio-harien modua bateratzen duen interfazea. Irakurterrazagoa baina, aldi berean, funtzio batzuk bidean galtzen dira zeren eta, hariko elementu bakoitza bertxiotu edo hari erantzuteko aukera murrizten du. Bakarrik hari osoarekin eduki dezakezu interakzioa.
  • Bookmark edo Lastermarkak karpetetan antolatuta. Sasoi batean datsegit esku-zeinua zena gero bihotz bihurtu zen, eta hori zen txio jakin bat gordetzeko modua. Oraindik bihotz edo fav-ak modu horretan erabiltzen duenik bada, baina lastermarken aukera ere aspaldi ezarri zuen Twitterrek (2018an, nahiz eta interfazean pixkat ezkutuago egon). Twitter Blue dutenek lastermakak karpeta edo kategoria desberdinetan antolatzeko aukera izango dute. Errepasatzeko, edo esteken irakurketarako gerorako gordetzen diren elementuen antolaketan lagundu dezake honek.
  • Customer support edo Bezeroarentzako arreta azkarragoa. Kexatzen bazara edo zerbait eskatuz gero, errazago egingo dizutela kasu agintzen dizute.
  • Irudi aldetik, ikono eta kolore aukerak bertsio mugikorrean.

Hemen irakurri dugu aldaketa hauen berri.

undo/deseginIrudian, Twitter Blue bertsioko aplikazio mugikorreko interfazeko bi berritasun. Batetik, mezua bidali eta damutzeko edo undo/desegin egiten duzun denbora; eta bestetik lastermarken azpi-antolakuntza karpeten arabera.

Erantzun

Sartu