Teknologia albisteak

Maiatz aldizkariaren urteurrena: 40 urte euskal literatura sortzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-05 : 17:22

Maiatz aldizkariak 40 urte bete ditu. Euskarazko litteratur agerkariak iraultza eragin zuen Ipar Euskal Herriko paisaia literarioan. Elizatik urrun, genero libertatea izan du ardatz, eta euskara, noski.

Argitaletxea ere bada 1984tik. Orain arte, 73 aldizkari eta 140 bat liburu plazaratu ditu orotara. Maiatzen 40 urteak ospatzeko, topaketa antolatu zuten duela egun batzuk, Baionako Euskal Museoan, "40 urte euskal literatura sortzen". 

Topaketa horretan Lucien Etxezaharreta eta Itxaro Bordak, orduko mugimenduaren sortzaileetako bik, gogorarazi zuten nola izan ziren hastapen haiek. Itxaro Bordak dio: «Literatura egiteko eta hartaz aritzeko, aldizkaria sortu genuen. Aita Lafittek zioen fantasia anitz eta funts guti genuela. Enetako laudorio bat zen, helburua betetzen genuen!». Etxezaharretaren hitzetan: «Mixel Labegeriek zioen bezala, gazteria berri bat ginen, seminariotik pasatu gabea. (...) Berritasuna nahi genuen, eta Ipar Euskal Herriari tokia egin nahi genion literaturaren mugimendu hartan, hemengo euskararen berezitasunak kontuan harturik, nahiz denak batuaren alde izan». Aipu hauek, Berriaren kronika honetatik ateratakoak dira.

Bestetik, ekainaren 12an 2. liburu azoka antolatu dute egun osoz Ziburun, eta Maiatzekoek jakinarazi dutenez, bertan izango dira hainbat idazlek lagunduta: Marisa Arruabarrena, Frantxoa Caset, Eric Dicharry eta Joxe Luix Agirretxe.

Beste baliabide interesgarri bat, Borda eta Etxezaharretaren arteko elkarrizketa, Maiatzen argitaletxeaz.

Erantzun

Sartu