Teknologia albisteak

Grindr ligatzeko aplikazioak babestuko du Biarritz Olympique errugbi taldea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-28 : 10:16

Gizon homosexualen arteko kontaktuak errazten dituen Grindr ligatzeko aplikazioak babestuko du Biarritz Olympique errugbi taldea datorren denboraldian. Atzo jakinarazi zuen klubak akordioa, eta irudiz kamiseta berriak erakutsi ere bai, Grindr-en izen eta logoak daramatzatenak.

Grindr gizonezko homosexualen artean ligatzeko aplikaziorik erabiliena da. Nola Tinder heteroen artean (ez bakarrik), Grindr gay gizonezkoen artean: LGBTQ talde gehiagotara irekita dago Grindr, halaber, baina gizonezko homosexualak gehiengo handia dira erabiltzaileetan.

Aplikazioa hurbiltasunaren printzipioan oinarritzen da, zauden tokian zaudela erradio jakin bateko kontaktuak erakusten dizkizularik; baina Tinderren ez bezala, bi pertsonen arteko onespenik edo "elkarrenganako gustatzerik" ez da gertatu behar elkarrizketa hasteko, mezua zuzenean bidaltzen ahal diozu pantailan agertzen zaizun profilari. Era berean, hurbiltasunetik aparte ere, norabait joan behar baduzu (asteburuan Poitiers-era zoazela), inguru hartako profilak arakatzen ahal dituzu. Doako aplikazioa da, baina gaitasun extra batzuk lortzen dituzu ordainpeko bertsiora pasatuta. 

Biarritz Olympiquek atzo iragarri zuen akordioa ohar elebidun batekin (elebiduna frantsesez eta ingelesez). Diruaz ez da ofizialki ezer esan, baina Sud-Ouestek dio urtebete milioi bat euro izango direla, eta beste medio batzuetan lau milioi euro aipatu dira (lau urterako akordioa, beraz?). Irudi sorta bat ere banatu du klubak, zenbait jokalarirekin eta klubeko presidentearekin berarekin, Jean-Batiste Aldigérekin. Irudikoak, ezkerretik: Henry Speight, Romain Lonca biarriztarra, Steffon Armitage, Jean-Baptiste Aldigé klubeko presidentea, Evan Olmstead eta Francis Saili.

Grindr-ekin harro ageri da Aldige irudian, baina iaz klubeko presidenteari txartel gorria erakutsi zion Les Bascos LGBT elkarteak, iruzkin homofoboak egin zituelakoan.

Frantziako lehen mailako gizonezkoen errugbian, gizonezkoen futbolean bezala, ez dago armairutik irten den jokalari homosexual ezagunik. Lehen mailako nazioarteko errugbian, Gareth Thomas galestarra da gay bezala bere burua agertu duen bakarra, baina kirol ibilbide profesionala amaitu ondoren egin zuen horu.

Erantzun

Sartu