Artikulu zientifikoak sarean libre banatu nahi dituen Sci-Hub webgunea desagertzeko zorioan dago, eta bere sortzaileak laguntza eskatu du jazarpenaren aurrean. Alexandra Elbakyan Sci-Hub-eko sortzaileak jakinarazi du FBI atzetik duela, eta dagoen egoeran, ezin duela proiektuarekin jarraitu. Izatez, ez da agertu artikulu berririk Sci-Hub-en abendutik.
Hamar urtez funtzionatu du Sci-Hub-ek, ia 100.000 artikulu baino gehiago gorde ditu tarte hauetan, eta guztira 77 terabyte informazio dago bertan.
Elbakyanek maiatz hasieran egin zuen aldarria Reddit-eko DataHoarder komunitatean (Datu salbatzaileak, nolabait itzulita). Hantxe bertan antolatu da erantzuna eta BitTorrent teknologiaren bitartez edukiaren kopia anitzak hainbat lagunen artean hedatzea da kontua.
Asmoa da Sci-Hub-eko edukia gutxi-gorabeherako 85 zatitan banatzea, eta terabyte hori torrentetan konektatzeko moduan jarriko duten 85 boluntario aurkitu. Lehen "zatiketa" horretarako gaitasun teknologiko handi samarra duten 85 lagun behar dira, nor bere zerbitzariarekin... baina hurrengo fase bat aktibatu nahi dute, zati horietako bakoitza beste 10 puskatan banatzeko, 850 lagun topatuz, bakoitzak 100 GB inguru banatu ditzan torrentetan. Hau erabiltzaile arruntagoen esku ere egon daiteke.
BitTorrent bidez antolatuz gero hau, artxibategi osoa salbatuko da... baina egongo ote da horren gainean webgune sortzerik? bilaketa zerbitzu batekin edo interfaze bat edukira iristeko... Oraindik ikusteko dago.
Erantzun
Sartu