Teknologia albisteak

Eskubide murrizketarik ez: Euskalgintzaren erantzuna EAEko Auzitegi Nagusiari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-21 : 08:31

Duela 10 eguneko albistea da: Udaltzain izateko euskara eskatzea diskriminatzailea dela iritzi dio EAEko Auzitegi Nagusiak, Irungo lan deialdi publikoan batean agertutako baldintzaren ondorioz izandako epaiketan. Epai honek suposatzen duena salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak deia egin elkarretaratze bat egiteko, bihar larunbatez, maiatzak 22, Bilboko Albiako lorategietan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, 11.00etan.

Elkarretaratzearen leloak izango dira: Euskaraz bizitzearen alde / Batuz / Eskubide murrizketarik ez.

Paul Bilbao Kontseiluko lehendakariak irmo azaldu zuen lehengoan, deialdi honetarako motiboa: "Egun indarrean dagoen legeriak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira".

Iñigo Urrutia legelariak iritzi bertsua azaldu du elkarrizketa batean Berrian. "Larria da: epaileei dagokiena da botere legegilearen arauak eta botere exekutiboaren dekretuak aplikatzea. Interpretatu ditzakete, baina aldatu? Hori ez da zilegi. Botere legegilearen funtzioetan sartzea da hori, botere banaketa perbertitzea. Tamalez, Auzitegi Nagusiko 3. Sekzioa ezagun bihurtu da azkenaldian, COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak atzera bota zituztenez geroztik, eta badirudi beren irizpide propioak jarri nahi dituztela osasun irizpideen eta hizkuntza irizpideen gainetik."

Kontseiluak egin duen deiarekin eragile askok egin dute bat. Erantzunaren premia askok ikusi dute. Paul Bilbaoren hitzetan: "Horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira, eta horrexegatik, batasunaren bidetik erantzun behar diogu. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitatea egin duen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegia ere (...) Unea iritsi da guztiok batera erantzuteko".

Erantzun

Sartu