Teknologia albisteak

Madrilen indar xurgatzaile zentripetoa Espainian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-04 : 14:40

Gaur hauteskunde eguna dute Madrilgo erkidegoan, Espainiako hiriburaren eskualdean. Matraka mediatiko handia eragin du kanpaina honek eta Hego Euskal Herrian ere hara begira jarritako arreta akaso gehiegizkoak iruzkinak sortu ditu, ea zein agenda mediatikoren mende gauden euskaldunok. Tira, Sustatu ere men egin diezaiogun Madrilgo indar zentripeto handiari gaurko egunez, mapa adierazgarri batzuk erakusteko besterik ez bada.Espainia hustuaren aldarrien eskutik

Espainiaren egitura zentralistaz asko esan beharrik ez dago, ebidentzia bat da estatuaren egituran, medioen eta botere ekonomikoen kontzentrazioan, eta hainbat alor ideologiko-kulturaletan ere.

Espainiako errepide nazionalak diseinatu ziren diseinatu ziren bezala, noski, frankismoaren 20. mendeko urteetan:

Baina 1980ko hamarkadatik aurrera, "autonomien estatuarekin" egon izan da diskurtso bat Espainiaren dezentralizazio bat irudikatzeko balio lezakeena. Era berean, dezentralizazio hori eta periferia "gaiztoen" estigmatizazioa erabili izan da desoreka nazionalen azalpen gisa, periferia aberatsek pobretuko balituzte bezala espainol txiroak...

Diskurtso hori hor dago, baina beste ahots batzuk ere altxatzen ari dira. Bereziki Espainia hustuaren aldarrien eskutik; nola hainbat eskualde, Gaztelako edo Aragoiko ehundaka kilometro karratu, hustutzen ari diren, indar zentripetoaren eraginez, barrurantz hustutzen, eta ez hainbeste zentrifugatuz kanporantz.

Duela bi urte El Orden Mundial blogak (zerikusirik ez du izenak negazionistek salatzen diuten Bill Gates eta Sorosen konspirazioarekin) halako Espainiako mapa hau argitaratu zuen:


Periferietako eskualdekak zenbait garapen-kategoriatan sailkatzen diren bitartean, erdiguneak inguruan eragiten duen hutsune ikaragarrizkoa da.

Antonio Aretxabala geologo nafarraren blogean beste adibide majo bat ikusi dugu.Mezua aste honetakoa da, baina irudia 2007koa:

 

3D bisualizazioak zein kolore eta marren erabilpenak adierazten du ondo Espainiaren "energiaren erabilpenaren mapa. Erliebea faltsua da, ez mendien orografiarena: energia non sortzen den (puntu gorenak) eta non kontsumitzen den (sakonunean), kontrastean, lerro gorriz energiaren bideak marrazturik daudelarik.

Berriz ere, eskualde energia-ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko desoreka, Madrilgo zulo beltzarekin erdian: enegia eta aberastasuna irensten duen Espainiako puntu zentral dudagabea.

(Errepideen mapa ere Aretxabalaren blogetik atera dugu)

Erantzun

Sartu