Teknologia albisteak

Gladys Saria, alor digitaleko emakumezko profesionalen alde

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-30 : 17:32

Gladys Saria aurkeztu dute EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Ekimen honen helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzea da, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.

 

Gladys del Estal informatikaria izan zen, 1978an amaitu zituen ikasketak, eta 1979an poliziak hil zuen protesta ekologista batean Tuteran. EHUko Informatikako 3. promozioko ikaslea izan zen, hainbat alorretan aurrerakoi eta solidarioa izan zen pertsona bat (nalfabetismoa desagerrarazteko boluntarioa ere izan zen, helduentzako eskolak ematen zituen musutruk).

Emakumezko gazteen artean ikusten den STEAM zientzia ikasketa gogorrekiko erresistentzia gainditzeko ahalegin bat gehiago da Gladys Saria. Informatika Fakultateko datu batzuk: 2013/14 ikasturtean izena eman zuten 126 ikasle berrietatik 13 besterik ez ziren emakumeak (%10,32), eta 2020/21 ikasturtean, 135 ikasle berrietatik 20 besterik ez ziren emakumeak, %14,81.

Beraz, emakumezkoen inplikazio eta ekarpenei balioa eman nahi die ekimen honek. Sariketan ingurune digitaleko edozein arlotan ari diren eta 2021ean gehienez 40 urte gehienez dituzten emakumezkoek parte hartu ahalko dute.

Gladyssaria.eus webgunean izena eman ahalko hautagaiek, baita hautagaiak izendatu nahi dituzten hirugarren pertsonek ere, ekainaren 18a bitarte. Sari bakarra izango da, 3.000 eurokoa, eta bi irizpideren arabera erabakiko da, proiekzioa eta ibilbidea, hautagaiaren etorkizuneko potentzialitatea eta orain arteko ibilbidea alegia.

Erantzun

Sartu