Donostiako Udalak euskal musikako pertsonaia bat saritzeko ematen duen Adarra saria Amaia Zubiria kantariari egokitu zaio aurten. Ekainaren 21ean Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldi batean emango zaio saria Zubiriari, eta ondoren kontzertua emango du bertan.
Egun horretako ekitaldirako sarrerak jarri dituzte salgai jada, 20 euroan, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta webgune honetan. Ekitaldi eta kontzertu berezia izango da, Zubiria musikari talde zabalaz inguratuta agertuko da: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne... Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, Amaiaren seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute ohorea.
2021ko saridunaren merituak honela deskribatu ditu epaimahaiak: "Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. (..) Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute.
Irudian, Amaia Zubiria Donostiako kultura zinegotziarekin, Jon Insaustirekin.
Erantzun
Sartu