David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak hil dituzte Burkina Fason, Afrikako erdialdean. Beriaien (Artaxoa, Nafarroa, 1977) erreportaria zen eta Fraile (Barakaldo, 1974) kameraria. Furtibismoari buruzko erreportaia egiten ari ziren, eta natura zaintzea helburu duen erakunde bateko kide irlandar bat ere erail dute beraiekin batera.
Talde armatu baten esku jausi zirela astelehenean jakin da, baina ez dago argi agian ehiza furtiboarekin lotutako gaizkile talde bat den, ala Burkina Fason dagoen intsurrekzio islamikoarekin zerikusia duen gertakaria den. Burkina Fasoko ekialdean izan da hilketa, eta inguru horretan bada islamistekin gatazkarik hilabete hauetan.
Roberto Frailek telebistako kamerari gisa lan egin izan du. Barakaldon sortua izan arren, duela 25 urtetik Salamancan (Espainia) zuen bizilekua. 2012an Siriako gerra grabatzen ari zela zauritua suertatu zen, eta Turkiara ebakuatu behar izan zuten Alepo hiritik.
David Beriaiek gatazka armatu zenbait kubritu izan ditu bere erreportaietan, esate baterako Irak, Kolonbia eta Afganistanen. Lan horietarako ekoiztetxe propioa sortu zuen duela urte gutxi, 93 Metros, eta horrekin saldu izan dizkio lanak Discovery Max edo Movistar telebista kateei, besteak beste. Esate baterako, Clandestinos telesail dokumentala.
2015ean Berriari elkarrizketa eskaini zion Beriainek, eta besteak beste hau esan zuen: "Gatazketako kazetaritzak kontu teknikoa beharko luke, ikasten dena, bere praktika eta ezagutza espezifikoak dituena. Erabakiek teknikoak izan behar dute. Kazetariak ez du bere bizitza arriskuan jartzera joan behar, joateagatik. Istorioaren kalitatea bilatu behar da. Lanak ez dira baloratu behar kazetariak izaten duen arrisku fisikoaren baitan".
Erantzun
Sartu