Duela sei hilabete antolatzen hasitako euskal negozianismoak bere horretan darrai, izututa maskarak eta txertoak inposatu direlako. Hainbeste desgraziaren artean, itxaropen bat piztu zaie bederen: justiziazko super-ekintza global bat gertatuko omen da laster, gaiztoak atxilotuko dituzte, eta egia berrezarriko da munduan. Ikuspegi apokaliptiko hau, justiziaren parusia hau, QAnon konspirazioko sinestunek gorde (edo gordetzen) duten esperantzarekin lotu daiteke, "Storm" edo ekaitz bat gertatzear dela, non zintzoak gailenduko diren, eta gaiztoek espetxea ezagutuko duten.
Koronabirusaren gezurrak Telegrameko talde irekian ikus daitezke mezu hauek.
"Ospitaleak hutsik eta lanez gainezka daudela entzun behar dugu. Kartzelan bozalarekin amaituko duzue."
"Egunen batean NURENBERG 2.0 helduko da. Bayer eta Volkswagen munstroen kontra epaiketak irabazi dituen abokatua beste batzuekin batera pretatzen dabiltza!"
"Helduko zaie heldu behar zaiena! Egia beti garaile, irabaziko dugu!"
"Nurenberg 2.0 helduko da, bidea gogorra izan daiteke baina egindakoa ordainduko dute!
"Jausiko dira eta egin dutena ordainduko dute. E.Herrian eta Espainian gehienak bertsio ofiziala sinesten dute. Baina beste herrialde batzuetan gezur handi bat dela argi daukate.❗️Irabaziko dugu eta Nuremberg.2 epaiketa helduko da!!????????????"
Goiko mezu hauen URL zuzenak (ordenagailuz ikustekotan, mugikorrarekin akaso ez): 829 | 827 | 823 | 817 | 808
Nuremberg 2.0 delako horrek erreferentzia egiten dio Nurembergeko epaiketei, non nazien gizateriaren kontrako krimenak epaitu eta zigortu zituzten. Plandemiaren kontrako halako epaiketa bat antolatuko omen da laster, gizateriaren kontrako krimen bat baita gertatua, eta auskalo, ba han epaituko dituzte Bill Gates, agintariak eta baita ospitaletatik gezurretan ari diren osasungintzako langileak ("Kartzelan bozalarekin amaituko duzue").
Ohi bezala, beti dago txoropito aleman bat zerbait idatzi edo esan duena eta hau pentsaraztea ematen duena. Kasu honetan Reiner Fuellmich izeneko abokatu bat omen dago, demandaren bat aurkeztu duena Alemaniako epaitegietan. Hortik puzten da beste guztia.
Abokatu baten idazki batetik justizia globalaren berrezarpenaren etorreran sinestea... QAnon delako konspirazioaren kopia dirudi horrek. QAnon Estatu Batuetan Trump-zaleen artean azken 4 urteetan zabaldutako sinesmen-multzo bat da. Bere funtsa zera da, liberal estatubatuarrek (alderdi demokratak, Hollywood-eko establishment-ak eta ohiko susmagarriek, hala nola Gates eta Soros) pederasta talde sataniko baten parte dira, eta Trump haien kontra ari zen, erdi sekretuan. Q delako iturri sekretu batek zabaldutako informazioa jarraiki, QAnonzaleek uste dute (edo uste izan dute) The Storm edo ekaitza gertatzear dela: atxiloketa masiboak eta epaiketak prest daude, satanikoak justizia ezagutuko dute, eta Trumpek, ongiaren nagusiak, presidente izaten jarraituko du.
Hala nola The Storm QAnonzaleentzat, egia berrezarriko duen ekaitza, berdintsu Nuremberg 2.0 euskal negazionista hauentzat.
QAnon eta The Storm delakoa ulertzeko, 6 ataleko dokumental bikaina atera du HBOk aurten. Lortzerik baduzue, Q: Into The Storm du izena.
Beste onda batean, Miguel Bosé musikari espainol negazionista ere teoria honetan jarri da buru belarri: Laster jausiko dira, ordainduko dute, Nuremberg bat datorkie... Hona emandako elkarrizketa baten laburpenean jasotakoak. Boseri buruzko beste ikuspegi bat, kontrapuntu gisa, Miguel 5G, Kau Kori Kurarena.
Erantzun
Sartu