Teknologia albisteak

Node.js: teknologia honen gidaliburua euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-21 : 08:49

Node.js programazio ingurunerako praktika onen gidaliburu bat euskaratu du Ane Diaz de Tuesta programatzaileak. Node.jsren Praktika Onak programazio alorreko lan mardul bat da, teknologia honetako 80tik gora praktika, estilo eskuliburu eta arkitektura aholku biltzen dituena.

Node.js zerbitzarian exekutatzen den JavaScript inplementazio bat da. Sorreran JavaScripta nabegadore barruan exekutatzeko sortu zen, baina backend-eko lanak beste ingurune batekin garatzen ziren (PHP, ASP, Python,...), Node.js sortu zen zerbitzari aldeko lan hauek ere Javascript bidez exekutatu ahal izateko. Ane Diaz de Tuestaren arabera, gaur egun milaka webgune daude Node.jsrekin eginda, 175.398 baino gehiago. Mundu osoko zenbait enpresa ezagunek erabiltzen dute: Linkedin, Netflix, Uber, Trello, PayPal, Nasa, Ebay, Medium, Groupon, Walmart, Mozilla, GoDaddy, Yandex, Citybank eta Yahoo, besteak beste.

Gidaren sortzaileak, Yoni Goldberg garatzaileak, joan den astean argitaratu zuen gida euskaratua; ingelesezko originala agertu zenetik argitaratutako seigarren hizkuntza bertsioa da euskarazkoa.

Konfinamendu garaian hasi zuen itzilpen proiektua Ane Diaz de Tuestak (Bordelen lan egiten duen programatzailea), baina bere webguneko azalpenetan argi utzi duen bezala, laguntza ezinbestekoa izan du lanerako aitarena, Joxefe Diaz de Tuestarena. Euskara teknikari erretiratua, euskaltzalea eta argazkilari bakina da Joxefe, eta orain euskarazko programazio liburuen egilea ere bai (azken honetan meritu gehiena alabarena izango da, dena dela).

Hemen eskuratu daiteke Node.js Best Practices.

Euskarazko bertsioa prest, bidean omen daude gaztelerazkoa eta frantsesezkoa, baina geurea aurreratu da.

Erantzun

Sartu