Teknologia albisteak
1

Armiarma proiektuak 20 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-25 : 10:31

Atzo bete zituen 20 urte euskarazko Interneteko ekimen inportante batek:Armiarma literatura egitasmoak. 2001eko martxoaren 24an Zarauzko liburutegian aurkeztu zuten Susa argitaletxekoek Literatur Aldizkarien Gordailua. Ibiñagabeitia proiektua izena hartu zuen literatur aldizkariak digitalizatu eta sarean eskaintzeko egitasmo hark, Andima Ibiñagabeitia idazle, erbesteratu eta euskal aldizkarietako sustatzailearen omenez. Eta Armiarma.com izeneko webgune batean kokatu zen, gaur egun Armiarma.eus denaren lehen urratsa izan zen.

Hona txio batean, Armiarmaren irekiera nola agertu zen Euskaldunon Egunkarian. 

Literatur Aldizkarien Gordailuak han jarraitzen du (ireki zenean baino aberatsago, noski) https://andima.armiarma.eus helbidean. 29 aldizkariren memoria digitala gordetzen ditu 20 urteren buruan, 10.967 artikulu.

Baina Armiarma askoz gehiago da gaur egunean. Klasikoen Gordailua, kritiken hemeroteka, liburu elektroniko askeenbilduma bat, itzulitako lanen antologia (Euskarara ekarriak), Literaturen Zubitegia deritzon datubase handia ere bai... Albo-proiektu gisa garatu diren Ipuina.eus eta Basquepoetry.eus ...

Atal horietako bakoitzean gehitzen denaz jakitun egoteko, eta aktualitate literarioaren jarraipena egiteko, Emailuak asteko buletinera harpidetu zaitezke. Twitterren ere jarrai dezakezu @armiarma kontua.

Zorionak Susa eta Armiarma.

Erantzunak

2021-03-26 : 08:40

Eskerrik asko.
Euskal sarea anitza, handia eta letraz betea da. Hori sustatzen ari gara urteotan guztiotan, eta eskerra eman behar dizkiogu, bidelagun izan ditugun bestelako xomorro guztiei ere bai. Armiarma eta bitxo asko dago literaturaren sarean, lan etengabea eginez, zorionez.

Erantzun

Sartu