Teknologia albisteak

Wikiderbia, Athletic eta Realaren informazioa hobetzeko zaletuen lehia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-24 : 10:36

Apirilaren 3an Athletic Club eta Real Sociedad futbol taldeek Espainiako Errege Koparen finala jokatuko dute (2020koa, atzerapenez, Espainiako gizonezko futbolaren bigarren lehiaketa inportanteena). Egun horretara begira, Euskarazko Wikipediak editatzeko lehiaketa bat antolatu du, Wikiderbia. Ekimenak Gu Ere Bai elkartearen babesa du, euskal kirol eta selekzioen aldeko taldearena. Editore zahar eta berrientzako da gonbitea. Athletic-en edo Realaren alde egiteko modua da talde bati edo besteari dagozkion orriak edukiz hobetzea. Ea nork irabazten duen.

Honela da mekanika.

  1. Wikiderbiaren orrira joan eta zeure taldea aukeratu. Bakoitzak pasahitz bat dauka, eta akaso mekanikaren urratsen batean eskatu dizu sistemak, baina normalean ez da beharrezko izango. Nolanahi ere, pasahitza agerikoa da wikiderbiaren orrian.
  2. Behin taldearen konpetizio orrian egonda, Wikipedia idenitatearekin saioa hasi. Berria bazara, bertan sor dezakezu Wikipediako profila eta editore bihurtu (sekula ez da berandu!).
  3. Behin saioa hasita, aukera batzuk ikusi dituzu, Neure buruari artikulu bat esleitu edo Artikulua berrikusi izenekin, baina ez dago horiei kasu egin beharrik; nahikoa duzu talde baten edo bestearen kategoriara joan...

Hauek dira kategoria horiek: Athletic-enaRealarena. Hor edo azpi-kategorietan dauden orrietan ekarpenak egin. Kopako partiduan gizonezkoen taldeak jokatuko dute, baina emakumezkoen taldeen informazioa ere berritu daiteke noski, wikiderbi honetara begira.

Egunetik egunera, kilobyte emaitza berriztuko da markagailuan. Goiko irudian, herenegungo emaitza, eta hemen behean, wikiderbiaren orritik hartuta, oraingoa. Athletic aurretik doa, baina aski da txuriurdin editore saiatu pare bat lanean serio jartzea berdintzeko, gure ustez.

Era berean, Euskal Wikilarien Kultur Elkartea kontaktuan jarri da kluben komunikazio arduradunekin, ea irudi sortarik edo dokumentaziorik libreki partekatzera animatzen diren.

Gogoratu wikiderbiaren helbidea, inori pasatzeko: https://labur.eus/wikiderbia

 

 

Erantzun

Sartu