Teknologia albisteak

Euskal jatorrikoen dentsitatea Estatu Batuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-21 : 11:35

The Washington Post egunkariak erreportaia kaleratu du atzerriko etorkinek Estatu Batuetako populazioan eta bizitzan duten eraginaz (ordainpekoa da, baina doako bisita batzuk uzten dizkizu WaPok hilero). Datu-kazetaritza eginez, grafiko interesgarriak ateratzen dituzte, eta bati erreparatu dio Urtzi Urrutikoetxea kazetariak: euskaldunak ote dauden markatuta atzerriko jatorri bezala. Baiezkoa da erantzuna.

Estatu Batuetan jatorri nazionala edo etnikoa markatzea erroldan ohikoa da, eta hortik atera dute grafiko berezi hau egunkarikoek.

Basque edo euskal jatorria ere hor dago markatuta, eta bi mapa ikus daitezke, County density delakoak ez du datu adierazgarririk ematen euskaldunen kasuan: puntu bat konderri bakoitzeko non euskaldunak dauden.

Konderrien mapa adierazgarriagoa da beste jatorri etniko batzuekin, adibidez armeniarrekin:

Urtzi Urrutikoetxeak nabarmendu bezala, ordea, dentsitate nazionalaren mapak datu politagoak ematen ditu.

Hor bai, ikusten da, Nevada, Kalifornia eta Idaho inguruan direla euskaldun gehien, AEBen Mendebaldean oro har. Bi konderri ere nabarmentzen ditu mapak, Ada konderria (Boise dagoen tokia) dela euskal jatorrikoen portzentaia handiena duena (hau da, euskal jatorria dutela dioten guztien %6 han bizi da); baina konderri "euskaldunena" edo bertakoen artean portzentaia handiena duena (ez da oso handia), Johnson Konderria da Wyoming-en, non %2.4 diren euskal jatorrikoak.,

Urrutikoetxeak erreparatu du konderri horren bandera berezian (goian duzue itsatsia). Jean Esponda baigorritarrak sortu omen zuen. Johnson Konderriak 10.812 km koadro ditu, Nafarroa Garaiaren tamaina gutxi gora-behera, eta 8.700 biztanle. Estatistiken arabera, 200 izango dira euskal jatorrikoak bertan.

Washington Postekora itzuliz, beste grafiko interesgarri bat, inmigrazioaren historia adierazten duena. Atzerrian jaioek ze portzentaia izan duten historikoki erroldan, eta atzerriko jatorri hori kontinenteen arabera.

 

Erantzun

Sartu