Makina Erremintaren Museoa Elgoibarren dagoen instituzio bat da. 1998an zabaldu zituen ateak, baina orain webgunea ireki berri du, domeinu zuzen-zuzen batekin: Museoa.eus
Euskal Herrian makina erremintak kluster bat eta presentzia zabal bat dauka, hainbat enpresarekin. Baina Elgoibar inguruan du nolabaiteko kontzentrazioa eta izena ere bai, eta 1991tik ikastetxe berezitua ere bada bertan, Makina Erremintaren Institutua. Formalki, museoa ez dago ikastetxeari lotuta, Fundazio bati baizik, baina hala ere, bada funtsean ikastetxeetara zuzendutako museo bat; horregatik du astegunetako ordutegia, eta jai-egun eta asteburuetan itxira egon ohi da.
Makina-erremintaren sektorea garatzeko lan egin zuten pertsonak omentzea eta makina-erremintak Debabarreneko eskualdearen bilakaeran izan duen garrantzia ezagutaraztea du xede Museoak. Erakusketan, 60 pieza baino gehiago biltzen ditu: fresatzeko aurreneko makina unibertsalak, tornu paraleloak, karrakagailua, zulatzeko makina sentsitiboak...
Industrializazioa baino lehenagoko mekanizazio eta metalgintzaren testigantza ere jasotzen da, Erdi Aroko aretoa deritzon atalean. Errementarien lana erakusten da alde horretan. Historiaren aldetik, argazki bilduma bat du, bereziki Elgoibar eta inguruko zenbait enpresaren bilakaerarekin zerikusia dutenak.
Bisitarako aukerez gain, areto alokairua ere egiten du museoak nahi duenarentzat.
Bisitatu beraz, Museoa.eus / Webgunea CodeSyntax-ek egina da, Sustatu egiten duen enpresa berak.
Erantzun
Sartu