Teknologia albisteak

Covid txertoaren Osakidetzaren hitzordu sistema inaugurazio egunean kolapsatu da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-10 : 14:51

Osakidetzak abian jarri du COVID-19ren aurkako txertoaren hitzordua eskatzeko sistema. Eta jarri eta berehala, gaur bertan, kolapsatu egin omen da. Ikastetxeetan lan egiten duten 55 urtetik beherakoentzako txanda da, baina aurreko txandekin ez bezala, zain egon barik aktiboki eskatu daiteke hitzordua, baina ez epe indefinitu batean, baizik eta martxoaren 15a arte. Ustez hala da... baina benetan badabilen, ez dakigu.

Ikastetxeetan lan egiten duten eta 55 urte baino gutxiago dituztenentzat da txanda: irakasleak, jantokiko langileak, garbiketa zerbitzua, atezainak, administrazioko langileak eta garraioko langileak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 35.000 lagun sartzen dira txanda honetan, lehen eta bigarren hezkuntzakoak, batxilergokoak eta lanbide heziketako zentro publiko zein kontzertatuetakoak. Astrazenecaren txertoa da pertsona hauei ezarri behar dietena: bi txertatze eskatzen ditu, 28 eguneko tartearekin.

Zabaldutako informazioaren arabera, "Hitzordua eskatzeko, nahikoa da Osakidetzak SMS bidez hezkuntza-langileei bidali dien estekan klik egitea. Mezu hori jaso ezean, zuzenean sar daiteke Aurretiko-zita zerbitzuan, Osakidetzaren web-orriaren eta aplikazioaren bidez."

Webgunera sartu gara bada, eta berriro informazio bera... goiko esaldi hori. Orduan? Eskatu hitzordua esteka dago, eta han sartuta ohiko aurretiazko zitaren sistemarekin egiten duzu topo. Hortik izango da ba. 

Bost eguneko epea omen dago, hurrengo astelehenera arte (martxoak 15). Baina gaur, lehen egunean, sistema kolapsatu denez, "lasaitasuna" eskatu du Osakidetzak, albiste batzuek jaso dutenez. Webgunean, beste bidez bat ere eskaintzen da: Zalantzarik izanez gero, deitu 900 20 30 50 telefonora.

Erantzun

Sartu