Teknologia albisteak

21. mendean, euskarazko sorkuntza liburu bat ehun euskalduneko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-07 : 09:30

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak urte batzuetatik hona elikatu duen Euskal Literaturaren Apalategiaren edukiak berritu ditu berriki, 2020. urte arteko erreferentziak bilduta. 20 urtean, 7.500 sorkuntza lan original argitaratu da euskaraz. Kalkulu oso biribildua eginda, 21. mendean ehun euskalduneko euskarazko literatur lan bat argitararu da.

Literatur sorkuntzak genero desberdinak biltzen ditu Apalategian: ez bakarrik prosa (eleberri eta ipuinak) eta poesia, baizik eta saiakera eta kazetaritza mota desberdinak, antzerkia, eleberri grafikoak, eta kantu liburuak ere bai. Ikus hemen, urterik urte sailkatuta. 

Bilaketa bidez ere arakatu daiteke datubasea, noski. Bilaketa URL-ak ere badaude, adibidez, goiko irudia Juan Luis Zabalaren izena sartuta lortu dugu. 11 emaitza URL honekin:

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuaren webgunearen barruan dago Apalategia 2017. urtetik. Une hartan 6.094 erreferentzia zeuzkan, 2000tik 2016ra bitartekoak. Datu-basea urtero eguneratzen jarraitu du Juan Luis Zabalak, eta oraintsu gertatatutako eguneraketak 7.536 erreferentzia dauzka, 2020ra bitartekoak. Hortik gure kalkulu biribildu ez oso zehatza...

Sorkuntzako lanak biltzen ditu apalategiak, ez erdaratik euskaratutakoak (horietarako ikus Nor da Nor, EIZIEren datubasea). Hutsune puntualak ere izan ditzake zerrendak, oharretan adierazten denez, baina hantxe bertan dago modua Juan Luis Zabalarekin kontaktatzeko, okerrik zuzendu behar bada.

Bisitatu eta erabili Euskal Literaturaren Apalategia: http://ehu.eus/ehg/apalategia/

Erantzun

Sartu