Teknologia albisteak

Zientziak frogatua: Diruak zoriontasuna dakar

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-08 : 10:48

Woody Allenena omen da esaldia: "Diruak ez dakar zoriontasuna, baina sortzen duen sentsazioa hain da antzekoa non oso zientzialari aurreratua behar diren bereizteko". Tira, zientziak ikertu berri du gaia eta ondorioa argia izan da: Diruak BADAKAR zoriontasuna.

Urtarrilean argitaratu zen, Matthew Killingsworth-en ikerketa baten emaitza, Virginiako Unibertsitatearekin egindakoa. Itxura denez, aurreko ikerketa batzuk bazeuden zeinetan ageri zen erlazio argi bat diruaren eta zoriontasunaren artean, baina nonbait urtean 75.000 dolarretatik gora irabazita, desberdintasuna ez zen hainbestekoa.

Itxura batean, Killingsworth-ek egindako azterketak, 75.000 dolarren marra horrek zerbait esan nahi duela berresten du, hortik behera zoriona zailagoa dela; baina goitik jarraituz gero, zoriona areagotzen dela ere deskubritu du. Zenbat eta diru gehiago, orduan eta zoriontsuago.

75.000 dolar, etxe edo familia baten urteko irabazien maila gisa definitzen da ikerketa honetan. Oraingo trukean, 62.000 euro. Jarrain, neurri horren garrantzia agerian uzten duten bi grafiko.

Galdetu zioten jendeari ea sentipen baikor edo ezkor gehiago sentitzen zituzten. Bakoitzaren diru-irabaziekin alderatuta, zenbat eta gehiago izan, baikortasun handiagoa.

Beste grafiko honetarako bi galdera egin zituzten. Uneko ongizatea gorriz marraztua dago, galdera honi erantzunez kalkulatu dute: Nola sentitzen zara orain? Marra urdinak beste sentipen bat adierazten du, antzekoa baina ez guztiz berdina: Nolakoa da edo izan da zure bizitza?

Dirua izateak bi faktoreetan eragiten du. Hobeto sentiarazten dizu, eta bizitza hobea izan duzula pentsarazi ere bai. Baina marra bakoitza desberdin hazten da... super-aberatsek uste dute bizitza oso ondo joan zaiela, baina beraien unean uneko ongizate pertsonala ez da maila berean hazten. Hala ere, hazkunde faktore erlatiboa da, ez besterik: aberatsak hobeto sentitzen dira txiroak baino, ez dago dudarik.

Zientifikoki frogatua beraz. Diruak zoriontasuna dakar. Egia esan, ez da hain harritzekoa ezta?

Erantzun

Sartu