Teknologia albisteak

OnZientzia bideo lehiaketarako 2021eko edizioa martxan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-02 : 10:36

Zientzia eta teknologiaren balioak eta informazioa sustatzen dituzten bideo labur eta originalen ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea du helburu OnZientzia lehiaketak, eta 11. ediziora iritsi da aurten. Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen dute eta gai zientifiko edo teknologikoei buruzko bideoak aurkeztu daitezke bertan, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Apirilaren 21a arte dago 2021eko lehiaketaren epea irekita. 

Gai zientifiko edo teknologikoei buruzko bideoak aurkeztu daitezke, 5 minutu baino laburragoak. Teknopolis zientzia dibulgazioko telebista saioan ikusiko dira lan onenak epaiaren ondoren, eta hortaz komenigarria da (baina ez derrigorrezkoa) bideoak 16:9 formatuan egitea; horixe baita Teknopolisen formatua.

Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emititu gabea, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar du. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozein erabil dezakete. Inspirazio bila bazabiltza, ikusi aurreko edizioetako partaide zein irabazleak.

Kontsultatu oinarriak OnZientzia.tv webgunean, eta ondoren, ezer aurkezteko baduzu, formulario honetatik.

Erantzun

Sartu