Zinegoak 2021, LGBTI+ tematikako 18. zinemaldi eta arte eszenikoen jaialdia gaurdanik, martxoaren 1etik, hilaren 14ra ospatuko da, modu presentzialean eta baita birtualean ere, Filmin plataformaren bidez. "Genero izpirik gabe" leloa aukeratu du Zinegoak aurten, eta kartelean, lau gazte ageri dira hori adierazten: Kartelekoek "euren belaunaldiko hainbat gaztek bezalaxe, modu naturalean bizi dituzte genero-identitatea eraikitzeko hamaika modu eta formak". Helena Goñi argazkilariarena da kartel dotore hau.
Aurten Bilbon eta Lekeition ikusiko dira presentzialki filmak, eta baita Filmin plataformaren bidez. orrez gain, martxoaren 14tik aurrera, ohi bezala, Zinegoakeko hedapena hasiko da, Euskal Herriko hainbat herritan, ZG Hedapena deritzon egitasmoaren bitartez.
Genero aniztasuna da era berean aurtengo programazioaren ardatza. Pertsona ez-binarioak, trans bizipen integratu eta babestuak edo, gutxienez, ez-baztertuak edo ez-jazarriak. Gehienetan protagonista gazteak dituzten identitate-eraikuntzak (Always Amber, Cosas que no hacemos, Valentina, La leyenda negra...), baina halako prozesuek bizitzako une jakin batzuetan dakartena ahaztu gabe (Canela, Suk suk, La nave del olvido…). Horretaz gainera, amatasun lesbikoez begirada osagarri batez hitz egiteko aukera emango diguten filmak ere sortu dira, modu natural batean: Orban ultraeskuindarraren aroko Hungariako giro izugarri anker bateko bizipenak (Her Mothers), talde-zaintzaren errealitatea Bolsonaroren aroko Brasilen (Mães do Derik) edo amatasun eta ez-amatasun kontzientearen inguruko funtsezko erabakiek pizten dituzten emozioak (Tiempos de deseo).
Emanaldiez gain, zeharkako sustapen ekintza indartsua du aurtengo Zinegoak-ek, ZG/PRO profesionalentzako esparrua.
Egitarau zehatza eta informazio gehiago, http://zinegoak.com
Erantzun
Sartu