Teknologia albisteak

2deo serieak: deialdi bat serie proiektu bat Zinemaldian saltzen saiatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-18 : 16:09

2deo ikus-entzuneko laborategiak deialdia egin du aurten "serieak" garatzeko programa baterako. Mentoretza bidez garatuko dira proiektuak eta hiru aukeratuko dira, gutxienez bat euskaraz izango delarik. Mentoretza eta laguntza ekonomikoekin garatuko dira proiektuak, eta azken fasean, iraileko Donostiako Zinemaldian pitching egiteko aukera izango dute aukeratuek, nork berea saltzen saiatzeko.

Programa telesail-proiektu baten sortzaileei dago zuzenduta: ekoizle exekutiboari eta/edo gidoilariari. Eskatzailea proiektuaren ekoizle exekutiboa izango da, eta, horrez gain gidoilaria ez izatekotan, bat gehitu beharko du taldean. Halaber, deialdian 2 pertsona fisikok hartu ahal dute parte elkarrekin, euren harremana formalizatu beharrik gabe; kasu horretan, KGNZ/Tabakaleraren aurrean proiektuaren ordezkaria izango den pertsona bat izendatu edo identifikatu beharko da, ondore guztietarako.

Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 10a arte dago zabalik. Behin proiektuak hautatuta, apiriletik irailera bitartean aurrez aurreko eta sareko saioak antolatuko dira.

Talde bakoitzak gidoiaren analisia eta berridazketa landuko du, proiektu bakoitzaren ekoizpen eta banaketa-estrategia, eta eszenaratzea ere bai. Tabakaleran hiru eguneko egonaldia planteatzen da, ekainetik uztailera bitartean, proiektuak partekatzeko; epe horretan, saio bateratuetan lan egingo dute aukeratutako pertsonek eta mentoreek. Laguntza egongo dieta gisa egonaldi horretarako, eta baita geroago garapenerako (6.000 euro).

Programaren azken zatian, Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez, pitching saio bat egingo da, non taldeek euren proiektuak sektoreko eragileei aurkezteko aukera izango duten, telesaila ekoizteko aukerak lortzeko.

Informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu