Teknologia albisteak

Atea 5, arte azoka Donostian, izena ematea irekita

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-31 : 09:15

AZPI Kultur Elkartea Donostiako Mundaitz kalean dagoen berreskuratutako espazio bat da. Elkarteak martxan duen ekimen bat da ATEA deritzona, artista lokalen arteko saretzea eta harremantzea sustatzeko helburuarekin sortua. Horren barruan, ATEA__5 - ATERA autoedizio azoka antolatu da martxorako, eta bertan izena emateko epea irekia dago otsailaren 8a arte.

Liburu, fanzine, komiki edo bestelako formaturen bat modu autogestionatuan argitaratu baduzu eta azokan parte hartu nahi baduzu, izena eman formulario honen bitartez. Azokak hartuko duen proposamen kopurua azkenean prest egongo den azpiegituraren araberakoa izango da, baina ahalik eta partehartzaile gehien onartzeko ahalegina egingo dute.

Azokaz gain, ATEAren edizio bakoitza egitarau bat izan ohi du, bertan hitzaldiak, irakurketak, ikus-entzunezko proiekzioak, tailerrak edota performanceak gertatzeko aukerarekin. Aurtengoa, martxoaren 13rik 21era izango da.

AZPI kultur elkarteak eta ATEAk Eremuak-en babesa dute. arte garaikidean testuingurua ekoizteko Eusko Jaurlaritzaren programa irekia da Eremuak. Bere helburu nagusia artistentzako eta sortzaileentzako plataforma bat eskaintzea da, eztabaidarako eta topaketarako giroa sortzea, eta errealitate artistiko garaikidearen behatoki gisa funtzionatuko duen lantoki bat gaitzea.

Erantzun

Sartu