Teknologia albisteak

Euskara ikasten ari direnentzako nazioarteko Discord komunitatea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-08 : 09:20

Louis Schnellbach euskara ikasten ari den frantziarra da. Twitterren topatuko duzue @xipiryon izenarekin, egunetik egunera euskara hobearekin. Bere ikasketa prozesua azaldu zuen hari batean duela aste batzuk. Metodo batzuekin guztiz gustura ez zegoenez, baliabide bat sortzen saiatu eta partekatzea erabaki zuen: Discord-eko Euskara Batua komunitatea.

Discord txat kolektiborako aplikazio bat da, telefonoko app bezala dabil, edo ordeganailuan erabildaiteke. Telekonferentzia tresna gisa ere balio du, eta talde-interesen inguruko komunitateak antolatzeko ere balio du. Gamer munduan erabiltzen da asko.

Discorden barruan, Euskara Batua mintzapraktika, zalantza-argipen eta berriketa orokorrerako toki bat da. Kontinente desberdinetako jendea dago bertan dagoeneko, eta sartzen bazara, zeure euskara maila zehazteko eskatzen zaizu.

Elkarrizketak azpi-foro edo azpi-kanal batzuen bidez antolatzen da. Esate baterako: nagusia (jardun orokorra, kanal erabiliena), galderak, ariketak, literatura, memeak... Jendea euskaraz saiatzen da, baina batzuetan ingelesera ere pasatzen da elkarrizketa (Schnellbach-ek berak ez daki gaztelaniaz, adibidez). Hala ere, badaude kanal gehigarri batzuk euskararen eta euskalduntzearen inguruan beste hizkuntza hauetan jarduteko: ingelesa, gaztelania, frantsesa eta katalana.

Ahots-mezuen bidez komunikatzeko kanalak ere badaude.

Bere arau sorta ere badu Discord-eko komunitateak, ohiko puntuekin: jazarpenik, gutxiespenik, spamik ez... Hizkuntza erabilerari dagokionez, ohar zabal bat: "Euskara da zerbitzari honetako hizkuntza hobetsia. Hala eta guztiz ere, arazorik gabe mintza zaitezke ingelesez (edo beste edozein hizkuntzan, hari dagokion kanalean) baldin eta oraindik euskaraz egiteko nahikoa konfiantza ez baduzu. Baina gogoratu: zerbitzari honen helburua euskara ikasteko espazio atsegin eta lagungarria sortzea da eta, beraz, ez zaitez lotsatu zure euskara mailarengatik, guztiok egiten ditugu akatsak!". Instrukzio hau bera eta gainerakoak ingelesez ere badaude.

Louis Schnellbach saiatzen ari da kanalak Discord-en barruan "ofizialtasuna" lor dezan. Partaide gutxi du oraingoz horretarako ("berifikazio-prozesu" moduko bat da), baina esperantza du kanalaren antolatzaileak.

Ikusi nahi baduzue, hona sartzeko helbidea https://discord.com/invite/xswyCmbAwC (eta gomendatu lagunei, euskara ikasten ari badira).

Eskerrik asko Louis Schnellbach @xypiron argibideengatik! Jarraitu gogor euskararekin!

Erantzun

Sartu