Teknologia albisteak

Aplikazioek lagundu ote dezakete Covid txertaketa prozesuan?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-25 : 13:26

Zergatik ez dago txerto aplikaziorik Covid-19aren pandemiaren kontestu honetan? Nolabaiteko misterioa dirudi... Udaberrian eta udan, kontaktu jarraipena aplikazioek nola erraztu zezaketen luze komentatu zen, pribatutasunaren inguruko kezka ugarirekin, eta praktikotasunaren inguruko kezka gutxiegirekin. Baina zerbait bazebilen airean. Dena dela, hemen ez bada ezer, munduan bada mugimendurik, eta arakatu ditugun garapen batzuen berri emango dizuegu.

Covid txertaketen eta aplikazio muikorren gurutzaketan, bi alor desberdinetan ikusi ditugu garapenak. Batetik, txertaketa prozesuaren jarraipen eta antolakuntzarako. Bestetik, txertatuta daudenen "pasaportearen" gaia, norberaren immunitatea balioztatzeko tresnak, mugikortasunera begira batik bat.

Txertaketa antolatzeko app-ak

Txertoa hartzeko ilara teoriko bat omen dago, batzuek salto egin dutelako ezagun egin dena, baina ilaran norberak zer toki duen ez dakigu inondik ere. Aplikazio batek akaso lagunduko luke horretan? norberak ze posizio duen jakiteko (edo norberaren ardurapean dauden pertsonak, bestela), eta garaia iristen denean, ordu zehatz bat hartzeko (baita bigarren txerto baterako ordua gordetzeko).

Euskal Herrian nabari daitekeen hutsune hori, beste toki batzuetan ere antzeko da. Ez dago hemeroteka seinale askorik inon halakorik egiten ari direnik, salbuespen batzuekin.

New York estatuak du halako txerto aplikazio bat, I Am Eligible izenarekin (itzuli daiteke zabar samar honela: "tokatzen ote zait"); baina informazioa nahiko zurruna da. Web bidezko formularioak aurkitu ditugu, ez aplikazioak Google Playn edo...

Antzekoa Kaliforniako Orange County delakoak, Los Angeles hegoaldeko eskualde aberats samar bat. Kasu honetan, informazio sistema txukun samarra daukate sarean, eta erakunde pribatu baten aplikazio batekin kudeatzen dute txertaketa prozesua, dirudienez, Othena izena duena. Hala ere, zerbitzu eta gidalerro publikoak jarraitzen ditu sistemak (Kaliforniako estatuak ezarritako lehentasun sistema), eta horren arabera, ari dira txandak banatzen aplikazioarekin.

Sistemaren webguneak adierazten duenez, 3 milioi biztanleko populazioan, 457.000 identifikatu dituzte 1 fasean. Horietarik 70.000k jaso dute txertoa, eta beste 81.000 lagunek hitzordua lotuta daukate: asteleheneko datuak dira hauek, albiste hau argitaratzera goazen unekoak. Goragoko irudian ikusiko duzuenez, igandeko datuak txikiagoak ziren, egunero milaka lagunekin eguneratzen da sistema. Aplikazioaren bidez ikus dezake pertsona bakoitzak ea "fase barruan" dagoen, eta hala bada, hitzordua lotu, eta gero gogorakizunak ere jaso. Sistema zentzuzkoa dirudi, hedaduraz eta populazioz, ez dago EAE batetik hain urrun Orange County.

Pasaportea edo ziurtagairia

Pasaporte-aplikazioa litzateke bigarren erabilpen eszenario bat. Txertoa jaso duzu, eta fidagarritasun handiarekin, horrek immunitatea ziurtatzen dizu. Mugikortasunerako (nazioarteko bidaiak, adibidez), edo elkarketa posible batzuetarako, edo pertsona nagusiak bisitatzeko, halako egoera demostratu ahal izatea inportantea izan daiteke, eta aplikazio batek lagun zezazkeen.

Halako bat sortzeko urrats serioena, teknologiako erraldoi batzuek bultzatzen dutela dirudi. Vaccination Credential Initiative (VCI) delakoaren atzean, besteak beste Oracle, Microsoft eta Salesforce daude. Norberaren immunizazio estatusaren egoerarako sartzeko berifikazio sistema enkriptatu bat izango omen da VCI, QR kode baten bidez...

Deskribatzen duten bezala, VCI delakoa "bigarren geruza teknologiko" bat litzateke, azpian ziurtagiri desberdinak agerraraziko lituzkeena. Hau da, VCIk ez du ziurtatuko guk txertoa jaso dugula; hori tokian tokiko osasun zerbitzuak egin beharko du. "Lehenbiziko geruza" hori prest izango ote dugu? Osakidetzan, erabiltzaile bakoitzaren historiala digitalki kudeatzen da... Hortik, txerto zehatz honen ziurtagiri moduko bat ateratzeko modua beharko genuke, dela VCI delakoak edo beste kontestu batean erabili ahal izateko.

Europako Batasuneko herrialdeetan, behintzat Eresuma Batuak iragarri du martxorako halako ziurtagiri aplikazio bat martxan egongo dela. Albiste honen arabera, bi enpresaren elkarlana izango da (bata zibersegurtasunekoa, bestea biometrikan berezitua), eta finantziatu da Covid-19ari aurre egiteko 2020an eratu zen start-up funtsa publiko batetik.

Erantzun

Sartu