Haurrei zuzendutatako album ilustratuak (testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak) egiteko Etxepare Sariaren deialdi berria, 2021eko edizioa, martxan dago. Maiatzaren 7a arte dago lanak aurkezteko epea, eta 5.000 euroko sari bat izango da irabazlearentzat; lana argitaratu egingo delarik gainera.
Lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte har daiteke. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere. Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak ere salbuetsita daude, ezingo dira aurkeztu.
Formatua librea da. baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Albumaren maketa PDF formatuan bidali behar da info a bildua etxeparesaria eus helbidera (10 Mb gehienez). Ez da maketa koadernatu beharrik. Testua word erantsi batean. Posta arruntez ere bidali daiteke lana. Informazio zehatzagoa, hemen.
Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatekantolatzen dute, haien euskara zerbitzuen bidez: Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Galar Zendeako Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Irantzu Mankomunitatea; Iruñeko Udala; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udala.
Laguntzaileak dira gainera Galtzagorri elkartea, Nafarroako Gobernua eta Pamiela. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta ekain amaieran jakinarazio da saria.
Aurreko urteetako saridunak ikusteko: http://etxeparesaria.eus/saridunak.asp
Erantzun
Sartu