Joan den urtarrilaren 9an eman zuen bere azken kontzertua Hesian taldeak. Bilbon izan zen, eta orduan ez zuten agurra zela esan, baina orain ohar baten bidez jakinarazi dute taldekideek 15 urteko ibilbideari etena ematen diotela.
Hesian 2006ko udan sortu zen, Sakanan, eta 2007an plazaratu zuen lehen diskoa: Maite dugu. Euren ibilbidean, nagusiki, ska, rock-a eta pop-a landu dituzte, eta urte haietan musika estilo horrek Euskal Herrian izan duen goraldiaren erreferente nagusietako bat izan dira.
Taldearen agurra sorpresa izan da. Urtarrilaren 9koa berezia izango zela iragarri zuten, erabakia zeukaten ordurako hura izango zela azkena, baina ez iragarpenean ezta kontzertuan bertan ez zuten esan esplizituki. Orain iritsi da oharra, honako hitzekin:
"Hamabost urte, zortzi disko eta zenbat kontzertu? egia esan, kontua galdu dugu dagoenbeko.
Hasierako guztiek bere amaiera dute, eta orain, guri, kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu. Egindakoarekin jarro emandakoarekin pozik eta jasotako guztiarekin, zoriontsu. Musika sortu eta partekatu dugu. Musikak batu gaitu, barruak hustu, bihotzak bete, eztarriak urratu, arimak biluztu eta hegalak astindu!
Egia esan, hau ez zen imajinatzen genuen itxiera: bestelakoa irudikatzen genuen, baina errealitateak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu. Tristuraz beteta jakinarazi nahi dizuegu ezingo dugula merezi duzuen eta nahi genuen despedidarik egin."
2006tik zenbait formakuntza izan ditu Hesian-ek, baina Fran Urias gitarrajolea eta Zuriñe Hidalgo kantaria izan dira taldearen muina orain arte. Azken urteetan, telebistako aktore eta aurkezle bezala ere ezaguna bihurtu taldearen ahots nagusia, Zuriñe Hidalgo.
Erantzun
Sartu