Teknologia albisteak

Wikipediaren 20 urteak: euskarazko bertsioaz harro egoteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-15 : 09:33

Gaur betetzen dira 20 urte Wikipedia sortu zela. Ingelesezko produktu bat zen orduan, baina urte berean, 2001eko abenduaren 6an, sortu zen euskarazko lehen ekarpena. Euskarazko azala eta bertsio beregaina, nolabait, 2003ko azaroan sortu zen. Gaur egunean, hizkuntz komunitatearen neurriari begiratuta, ekarpen kolaboratibo gehientsuen duen bertsioetako bat da Euskarazko Wikipedia.

The Economist aldizkariak grafiko batzuk kaleratu ditu, hizkuntza desberdinetako wikipediak nola ari diren hazten. Herrialde aberatsenetako hizkuntza nagusietakoak indartsuago ari direla ikusi dute, baina hizkuntza nolabait esatearren "azpigaratuek" hazteko potentzial handiagoa dutela ondorioztatu dute.

Grafiko berezi batek arreta deitu digu. Konbinatzen ditu Barne Produktu Gordina per capita, eta Wikipediako editore aktiboak milioi pertsonako. Zenbait hizkuntza kokatu dituzte mapan.

Non legoke euskal wikipedia hor? Euskal wikilari batzuen kalkuluen arabera...

Ohar batzuk goikoari buruz (eta kreditua Kepa Sarasola wikilariari):

  1. Euskal puntuaren zabalera ez da erlatiboa, txiki-txikia litzateke, islandierarena baino handixeagoa doi-doi.
  2. Altuerako posizioa da erreala, estatistika honen arabera (estatistika multzoa, eta grafiko zehatza): 184 erabiltzaile aktibo, urtebeteko maila ertain gisa, eta 245 milioi biztanleko gutxi gora-behera.
  3. Marratxo bertikalak adierazten du BPG per capita posizioa, Gaindegiaren datu hauen arabera. Katalunia baino aberatsagoa da Euskal Herria (kontzeptu desberdinak dira lurraldea BPG kalkulatzeko eta hiztun kopurua, baina tira, nolabait egin behar kalkulua).

Hortaz, ekarpenak egiten dituzten wikilarien aldetik, euskarazkoak badu pozterik. Wikipediako artikuluen gorakadan ere ikusten da hori: 369.000 artikulu baino gehiago goaz une honetan, baliteke 2021ean 400.000ko mugara iristea.

Grafikoek erakusten dutena, egunerokoan gauzatzen da Euskarazko Wikipedian. 2020 hasiera honetako puntu batzuk nabarmentzeagatik:

  • Kapitolioko istikuak hasi eta artikulua sortu zuen 3. wikipedia izan zen euskarazkoa, minutu gutxian (erreferentzia ingelesezko hari honetan, euskal wikilari baten ñabardurarekin).
  • Elur ekaitzaren dokumentazio ekimen bat burutu da, Wikipediaren alde dokumentalerako, Wikimedia Commons deritzonerako.
  • XVI. mendeko espioitza gutun sorta bat sareratu da Wikipediaren beste alor batean, Wikitekan.

Zorionak Wikipedia! Zorionak guri!

Bat egin nahi ospakizunean? Euskarazko Wikipedia editatzea denon esku dago, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko bazkide izatea ere bai (5 euro urteko bazkidetza).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago